Burujabetzara bidean, Udalgintzatik eragiteko aukerak eta mugak aztergai

Orokorra

Udalgintza eta herrigintza esperientzia eraldatzaileak partekatzeko BURUJABETZAK jardunaldiei hasiera eman zitzaien atzo Hernanin, Hernani Burujabek, Udalbiltzak eta Hernaniko Udalak antolatuta. ​

Lehenengo goizean udalgintza ikuspegitik landu zen gaia. Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak egindako sarreran nabarmendu zuenez, udal ordezkariek “ardura bat daukagu, udaletik politika aurrerakoiei bultzada ematea”, eta udaletxeko areto nagusitik, “areto garrantzitsuenetik”, Hernaniko Udalak herrigintza indartzeko duen konpromisoa berretsi zuen. “Udal ordezkariok badakigu gure lana zein den, baina kontziente gara herrigintzako hanka aktibatzen ez badugu, egitasmo horiek nekez egingo dutela aurrera”, adierazi zuen.

Itsaso Lekuona Hernaniko zinegotziak Hernani Burujabe herri proiektua aurkeztu zuen. “Hiru erpin ditu Hernani Burujabek: herritarra, publikoa eta ekonomikoa. Erpinen arteko harremana ahalik eta orekatuena izan behar du eta udalak askotan hartzen duen pisu handiegia orekatzeko ahalegina egin behar da, denok erritmo berdinean jartzeko”, azaldu du. Horren harira, esan du garrantzitsua dela herritarrek ere erabakitzeko eremuak izatea eta beraiek ere horretarako ardura hartzea.

Udalbiltzako lehendakariak, Haritz Alberdik, erakunde horren ibilbidearen errepaso bat egin zuen eta azaldu zuen momentu honetan eraldaketa prozesu batean sartuta daudela eta euren egitekoen artean dagoela udalei aholkularitza ematea. Jardunaldi hauetan tokiko proiektuak nazio mailara nola eraman jorratzea da helburuetako bat, “elkar entzutea, zer behar dauden aztertzea, ondorioak ateratzea, eta eskalatze horretan urratsak ematea”, gaineratu zuen.

Udaletatik eragiteko mugak baina, batez ere, aukerak

Proiektu eraldatzaileek sarri administrazio publikoko legedi eta arauekin egiten dute talka eta hori izaten da askotan aurrera egiteko muga nagusia. Bigarren saioan izandako hiru hizlariek, ordea, muga horiek gainditzeko aukerak azaldu zituzten.

Laia Forné La Hidra cooperativa-ko kidea da. Parte-hartze eremuan esperientzia zabala dauka eta, besteak beste, Bartzelonako Udalarentzat aritu da lanean. “Konfidantza, aitortza, erantzukidetasuna eta gardentasuna” aipatu ditu prozesu parte-hartzaile komunitarioen ardatz gisa eta Bartzelonan nahiz Generalitatearen gobernantza publiko-komunitarioa gauzatzeko erabili dituzten pare bat formula aipatu zituen. “Bartzelonako Udaletik programa bat egin genuen titulartasun publikoko ondare-ondasunak irabazi-asmorik gabeko eragileei lagatzeko, modu komunitarioan erabiltzeko eta kudeatzeko”. Horrela lortu zuten ondare publikoko eraikinak auzo eragileek kudeatzea.

EHUko GEZKI institutuko Aitor Bengoetxea herri kooperatiben figuraz aritu da eta publiko-pribatu eredu bitarra hausteko beharra mahaigaineratu du. “Publikoko-pribatu eredu bitar horretan, zer gertatzen da jabego komunitarioarekin? Eredu hori gainditu beharra daukagu: pribatua, publikoa eta komunitarioa”. Eta ondorioz, gaineratu du: “Lankidetza publiko-komunitarioa, kooperatiben bitartez, ez da pribatizazioa, demokratizazioa baizik”.

LKS Next aholkularitzatik, Eneko Anzuolak egungo legedian sakondu zuen eta aukera ezberdinak aipatu zituen. Besteak beste, esan zuen lankidetza publiko eta pribatuaren gutxieneko testuinguru bat badagoela Euskadiko Kooperatiben Legean: “Kooperatibak forma baliodun eta egokiak dira zerbitzu publikoak garatzeko eta hobetzeko eta erakunde publikoak kooperatiba horietako bazkideak izan daitezke”.

Arratsaldeko saioan, dimentsio eta ikuspegi ezberdinetatik burujabetza(k) egungo testuinguruan zergatik aldarrikatu hausnartu zuten Jule Goikoetxea filosofo politiko eta irakasleak, Mireia Vehí CUPeko diputatu ohiak eta Glenna del Vallek, Venezuelako kontsul nagusia Bilbon.