91 establezimendutan hobariak izango dira ekhi moneta erabilita

Moneta

Hernaniko 91 establezimendutan ekhi moneta erabilita %5 eta %15 arteko hobariak jasoko dituzte herritarrek euren erosketetan. Aurten, establezimenduak eurak dira hobariak eskaintzen dituztenak eta Udalak “osatu” egiten ditu hobari horiek.

Horretarako, 160.000 euro bideratuko ditu Udalak tokiko monetarekin herriko erosketak egiten dituzten herritarrak laguntzera. Hernaniar guztiek izango dute hobariak jasotzeko aukera.

Udalaren helburua “ekhilur sistema guztion artean sustengatzea” da, eta era berean, herriko ekonomia zirkularra sustatzeaz gain, komertzio txikiak babestea.

Ekhilurreko bazkide egin dira 275 herritar
Bere aldetik, Ekhilur kooperatibak bazkidetza kanpaina jarri du martxan. Urtea hasi zenetik 275 hernaniar bazkidetu dira Ekhilurren. Hauek, establezimenduen zuzeneko hobariak jasoko dituzte.

Ekhilur kooperatiban bazkidetzeko 10 euroko hasierako ekarpena egin behar da eta hilean 1,95 euroko mantenu kuota ordaindu. Ekhilur kooperatibako kide direnek establezimenduen hobariak zuzenean jasotzeaz gain, “Hernaniko ekonomia indartzen laguntzeko erabakietan parte hartu” dezakete.

Informazio gehiago, Ekhilurren bertan (722 700 987).