Gasaren eta argindarraren fakturak igo direla eta, Energia Bulegora aholku bila joatera dei egin die Udalak herritarrei

Energia
Otsailaren 14ean, Energiaren Munduko Eguna da. Urte berriarekin batera gasaren eta argindarraren BEZa (balio erantsiaren gaineko zerga) %5etik %10era igo du Espainiako Gobernuak, eta horrek eragina izan du herritarren fakturan, ordaindu beharreko gastua igo egin baitu. Horren aurrean, eta gastua gutxitzeko aukera handia dutelakoan, Hernaniko Energia Bulegora aholkua eskatzera hurbiltzeko dei egin die Udalak herritarrei. “Herritarren gehiengoak ez ditu bere etxeko argindar eta gas fakturak ulertzen, eta, horrela, zaila da norberarentzat egokiena den tarifa aukeratzea”, azaldu du Libe Solagaistua Energia bulegoko teknikariak. Hori dela eta, dei argia egin du: “Etorri bulegora, ulertu zure fakturak eta kontratatu zuretzat egokiena den tarifa edo merkaturatzailea”.
Ez da alferreko deia. Izan ere, bulegotik aholku eske pasatzen diren herritar askok gutxitu egin dute ordaindu beharrekoa. “Kasu batzuetan erdira ere jaitsi dute ordaindu beharrekoa, berdina kontsumituta”.
Solagaistuak gogorarazi du Espainiako Gobernuak bonu sozialean aplikaturiko deskontuak luzatu egingo dituela aurtengo ekainaren 30era arte. Halaber, bonu soziala eskatu eta erantzuna jasotzeko denbora asko gutxitu dela ziurtatu du. “Aste batean ere erantzuten dute”.
Bestalde, Energia Bulegoko teknikariak ohartarazi die herritarrei erne ibiltzeko, iruzurrezko telefono deiak asko ugaritu direlako azken aldi honetan. Goiener kooperatibak egin dio abisu hori Energia Bulegoari.
Energia Bulegoa Hernaniko Burujabetzen Etxean dago, Florida 28, eta astearte eta ostegunetan irekitzen dute 10:00etatik 13:00etara, eta 15:00etatik 18:00etara. Asteazkenetan, berriz, goizetan egiten diete harrera herritarrei, 10:00etatik 13:00etara. Halaber, telefonoz edo e-mailez argitu ditzakezu zure zalantzak, 943 33 70 22 telefonoan edo energia@hernani.eus helbidean. Bulegora joan nahi izanez gero, aurrez hitzordua hartzea gomendatzen da, telefono zein e-mail bidez.
Energia fakturak ulertzeko gakoak emateaz gain, herritarrek informazioa jaso dezakete bulegoan beste helburu batzuetarako, besteak beste, energia komunitateen inguruko bazkidetzari buruz, birgaitze energetikoak egiteko, energia berriztagarrien inguruko proiektuak finantzatzeko aukerak eta diru-laguntzen berri jakiteko, eraikinen eraginkortasun energetikoa zein den jakiteko eta zaurgarritasun energetikoari aurre egiteko laguntzak zein diren ezagutzeko.