Zuntz optikoa hedatu da Alde Zaharrean, abiadura handiko Internet konexioa bermatzeko

Hernaniko Alde Zaharreko herritarren zati handi batek eskura du dagoeneko abiadura handiko Internet konexioa, Udalaren, EHKOMen eta Izarkomen arteko elkarlanaren bidez hedatu den zuntz optikoko sareari esker. Sarea irekia, librea eta neutrala izango da, eta, beraz, edozein operadorek izango du hura erabiltzeko aukera. Sarearen bidez kaxkoko bizilagunek eta komertzioek modua izango dute Internet konexioa jasotzeko.

2023ko maiatzean hasi ziren Hernaniko Alde Zaharra zuntz optikoz hornitzeko lehenengo fase honekin, eta berriki amaitu dituzte lanak. Proiektuak 27.487,68 €ko aurrekontua izan du. Hasieratik, obra horien helburua argia izan da; hots, Alde Zaharreko bizilagunei bermatzea gaur egun oinarrizko eskubide den banda zabaleko Internet konexioa. Eskubide hori bermatzeaz gain, baina, sektore hau kontrolatzen duten enpresa multinazionalen menpekotasuna murrizteko xedea ere izan dute lan hauek aurrera eramateko ardura hartu duten eragileek, telekomunikazioetako burujabetzaren bidean beste urrats bat eginda. Horrela, Hernaniko herria bera izango da jadanik erabilgarri dagoen sare berri horren jabea.

Obren lehen fase hau amaituta, hauek izango dira zerbitzua eskuratzeko aukera izango dutenak: Kale Nagusiko 2 zenbakidun portaletik hasi eta 46 zenbakira arteko atari bikoitiak, eta Andre Kaleko 1 zenbakidun portaletik 41era arteko bakoitiak.

Internet konexioa gauzatzeko, herritarrak beren interes edo beharretara hobekien egokitzen den konpainiarekin harramanetan jarri beharko dira, arreta-zerbitzu, hizkuntza, prezio edo beste ezaugarriei erreparatuta. EHKOMeko bazkide diren Izarkom eta Kfibra, esaterako, sare eraiki berrian zerbitzua eskaintzeko prest daude, interesa izanez gero.

Bigarren faserako prest
Lehen faseko lanak amaituta, aurrera begira, bigarren fasearen proiektu eta hedapen-plana lantzen ari da, helburua zuntz optikoa Alde Zahar osora hedatzea baita.