Tokiko potentziala aintzat hartu eta herriko eragileen proiektuak aktibatzeko ordua dela dio Hernani Burujabek

Orokorra

Hernaniko herritarrak eta eragileak animatu dituzte proiektuan parte hartzeko, eta trantsizio ekosozialaren parte izateko.

Menpekotasunetik burujabetzara pasatzeko eta trantsizio ekosoziala tokiko agendan ezartzeko garaia dela adierazi du Hernani Burujabek gaur. Hernaniko Biteri kultur etxean egindako agerraldi jendetsu batean orain arte egindakoak eta aurrera begirako erronkak zerrendatu dituzte bertan presente ziren herritar eta kolektiboen izenean.

Adierazi dutenez, “herri bezala Hernanik badu esperientzia, borondatea eta potentziala erronka horiei guztiei erantzun eta eredu sozial berri, bizigarri eta jasangarria erditzeko. Horixe da hain zuzen Hernani Burujabe: Erronka globalei tokiko mailatik erantzuteko abiatu dugun trantsizio prozesua. Herri gisa burujabetza ekonomiko eta politiko handiagoranzko trantsizioa; justizia sozial eta ekologikoa helburu dituen prozesua, alegia”.

Bozeramaileek azaldu dutenez, “epe ertain-luzerako erronkak agendan zehaztera pasatzeko unea da. Tokiko potentziala aintzat hartu, eta herriko eragileen agenda, gaitasun eta proiektuak aktibatzeko ordua da”.

Nabarmendu dute Hernani Burujabek orain arte egindako lana. Gaur-gaurkoz zazpi burujabetza sektore identifikatu dituzte, eta horietan guztietan martxan dituzte proiektuak. “Hasiak gara jada hernaniarron egunerokoan eragiten; hernaniarron bizi-baldintzak kapitalarekiko menpekotasunetik askatzen; bizitzeko ezinbestekoak diren sektoreen demokratizazioan sakontzen”. Besteak beste, proiektu hauek azpimarratu dituzte: “Milatik gora gara Ekhilur ordainketa sistemaren bidez herriko merkataritzarekiko konpromisoa egunero-egunero gauzatzen dugunok; 87 etxebizitza gara Zubipeko autokontsumo partekaturako instalazioen energia berriztagarri eta komunitarioarekin hornitzen garenok; 237 pertsona heldu gara, jada, Auzo-zaintzako akonpainamendu zerbitzua jasotzen dugunak eta 147 pertsona bertako elikadura sistema sortzearekin engaiatuta gaudenak”.

Hernani Burujabek 20.000 hernaniarren eguneroko bizitzan eragiteko bokazioa duela gaineratu dute, “elikadura, energia, zaintza edota etxebizitza beharrak modu justu, iraunkor eta berdinzale batean asetzeko; Euskal Herriaren autoeraketa prozesua tokian toki eta egunez egun gure esku izan dezagun”.

Hernani burujabeko mahaietan eta egituretan udala, herritarrak eta gizarte eragileak daude. Martxan dute funtzionamendu eta planifikazio modu berri bat, gainera, Burujabetzen Kontseiluan oinarrituta. “Hernaniko burujabetzaranzko prozesua modu demokratikoan planifikatuko duen eta herritar guztioi ekonomiaren gaineko erabakimena eskainiko digun erakundea da Burujabetzen Kontseilua. Planifikazio horren bidez, auzoek, elkarteek eta herritarrek dituzten beharrak jaso eta Hernani Burujabek proposatzen dituen egitasmoen bidez asebetetzea du helburu: ekonomia bizitzaren alde ipintzea eta ez kapital metaketaren mesedetan. “Horrela, hasiak gara auzoetako eragile eta norbanakoen beharrak eta desirak jasotzeko batzarrak egiten. Burujabetzarantz bideratzen ari garen sektore horietan auzoek dauzkaten beharrak asebetetzeko proiektuak elkarrekin imajinatzen; elkarrekin amesten”.

Hori posible izateko, auzoetako herritar eta eragileei dei egin diete auzo batzarretara joateko, eta proiektuetan esku hartzeko, Hernani Burujaberen eta trantsizio ekosozialaren parte izateko. “Burujabetzak auzoetan, txikitik, hasi behar ditugu planifikatzen; herritarren beharrak asetzeko, herri aktiboa behar dugulako. Horretarako, geratzen diren auzo batzarretan parte hartzeko deia luzatu nahi dizuegu”.

Aurrerantzean, herritarrekin komunikazio bideak hobetzeko asmoa du ere Hernani Burujabek, eta, besteak beste, martxan jarri du gaur webgune berria www.hernaniburujabe.eus. Horrez gain, Telegram kanala eta sare sozialak erabiliko ditu Hernani Burujabek herritarrekin informazioa partekatzeko.