Oiartzun Burujabe aurkeztu dute

Orokorra

Egitasmoa aurkeztu dute, baina adierazi zutenez, bidearen lehen urratsak lehenago emanak zituzten. Abiapuntua nonbait jartzearren, 2023ko urrian, Alternatiben Oi(h)artzuna egunean jarri zuten; bertan, ekimen horren sustatzaileak eta udala elkarrizketan hasi ziren, aurrera begirako urratsak elkarlanean emateko asmoz.

Elkarlan hori egungo egoeraren diagnosia eginda hasi zuten, helburu argi batekin: sistema kapitalistak sortzen dituen krisiak iraultzea. Hori guztia lortzeko tresna da, aipatu zutenez, Oiartzun Burujabe: “arloz arloko neurriekin, gure bizitzak eta gure komunitatearenak bizigarriagoak, jasangarriagoak, askeagoak, demokratikoagoak izan daitezen bultzatu eta eraikitzea.”

Aurkezpenerako Hernani Burujabeko bi kideri gonbidapena luzatu zieten, Hernanin egindako prozesuari buruzko xehetasunak jasotzeko: zein fasetan den Hernani Burujabe, eta aurrera begirako gako nagusiak zeintzuk diren, Hernani Burujabe osatzen duten eragileen ustez.

Hernani Burujabeko ordezkariek aipatu zute saretzea ezinbestekoa dela horrelako prozesuetan. Izan ere, ez dugu ezer asmatu, eta ondokoarekin esperientziak partekatzea funtsezkoa da; hori bai, herri bakoitzak bere ezaugarriak eta bereizgarriak ditu, eta bakoitzaren testuingurura moldatu beharra dago.

Hori agerikoa geratu zen, esaterako, Oiartzun Burujaberen baitan osatu dituzten arloko taldeei erreparatuz gero: elikadura, energia, zaintza, euskara eta kultura. Etorkizunean arlo gehiago lantzeko intentzioa ere adierazi zuten.

Hurrengo mugarria urriaren 19an jarria dute. Izan ere, egun horretan egingo dute publiko Oiartzun Burujabe prozesuaren Ituna. Horrekin, Oiartzungo norbanakoen eta eragileen atxikipena bilatzen dute; konpromezu bat.

Larunbatean eman zuten lehen urratsa, eta, aipatu moduan, urriaren 19an emango dute bigarrena. Dena den, bidea luzea da, eta urrats gehiago ere izango dira bidean.

Bide horretan elkar ikusiko gara.

Zorionak Oiartzun!