Enherkom ereindako uzta jasotzen hasi da

Energia

Datorren urterako ekintza plana eta aurrekontua onartu ditu energia sektoreak. Joan den asteazkenean egin zuten batzar irekian bildu ziren sektoreko eragile nagusi den Enherkom kooperatiba, eta beste hainbat herritar. Bertan, orain arteko errepasoa egin zuten, eta aurrera begirako erronkei heldu zieten.

Autokontsumo partekatua da orain arteko Enherkomen apusturik handiena, eta jada emaitzak jasotzen ari dira. Zubipen jarritako plaketatik 88 familia ari dira energia jasotzen.

Bigarren instalakuntza ere burututa dago, Ibaiondon, eta urte honen amaierarako beste 90 bat familiek bertatik energia jasotzen hastea espero dute, baita hamar merkatarik ere. Instalazio hauek berezitasun bat dute, gainera; plakak bi enpresen teilatupean daude.

Horren haritik, udal eraikinen gainaldean ere autokontsumo partekatuak eraikitzeko asmoa dute, 2025ari begira.

Hernani Burujaberen adarretako bat da energia sektorea, eta, hala, kooperatibako kideek nabarmendu zuten ez dela aldatu euren izateko arrazoi nagusiena; hori da, “dinamika kapitalistetatik” ateratzea, eta herritarren beharrei erantzutea.

Horregatik, nabarmendu zuten arrakasta handia izan duela aholkularitza energetikoak. Hernaniarrek 600 kontsulta inguru egin dituzte Energia Bulegoan. “Horrek erakusten digu herritarren benetako beharrei erantzuten ari garela”, adierazi zuten.

Aurten, Hernani Burujabe auzoetara hurbildu da auzotarren beharrak zeintzuk diren ezagutzeko. Bertaratu direnek helarazi dituzte energia sektoreari lotutako zenbait proposamen, eta Enherkom proposamen horiek lantzen hasi da dagoeneko.

Besteak beste, Etxeberriko auzo elkartearekin harremanetan daude, enpresen CO2 isuriak Hernanin egingo diren proiektuetan nola konpentsatu aztertzeko. Horrez gain, Zikuñagako auzo elkartearekin ere lanean hasi dira plaka fotoboltaiko gehiago jartzeko espazioak identifikatzeko.

Azkenik, denbora da pobrezia energetikoaren gaiari heltzeko hautua egin zuela Enherkomek, eta problemetika lantzen jarraitzeko asmoa dute. Orain arte, egoera zaurgarrian dauden pertsonekin lanketa egin da Energia Bulegoan, baina, aurrera begira, proiektu bat garatu nahi dute aholkularitzaz gain esku hartze zuzena egiteko.

Orotara, 293.500 euro aurreikusi dira energia sektorearen datorren urteko ekintza-planera bideratzeko.