Tokiko elikagaiak banatzeko puntuak martxan jarriko ditu Elikadura Sektoreak auzoetan

Elikadura

Elikadura sektoreak beste behin ere erakutsi du indarrak batzeko eta elkarlanean aritzeko gogoa. Joan den astean batzar irekian bildu ziren sektoreko eragile nagusi diren HENASE, Herrilur, Transformazio Gunea eta Udaleko ordezkariak, eta euren jardunak artikulatu dituzte datorren ikasturteari ekiteko.

Azken urteko ibilbidearen balorazioa egin dute, eta datorrenerako plangintza eta aurrekontua onartu. Hernani Burujaberen barneko sektorea izanik, batzar irekia erabakiak modu demokratikoenean hartzeko prozesuaren parte da.

Horren harira, aurten Hernani Burujabe auzoetara hurbildu da auzotarren beharrak zeintzuk diren ezagutzeko. Bertaratu direnak proposamenak helarazi dituzte, eta hala, elikadura sektorea horiek aztertzen ari da datorren ikasturtean aurrera eramateko asmoz. Esaterako, auzoetan tokiko produktuak jasotzeko puntuak martxan jarriko dira.

Elikadura katean egiteko bat burutzen du eragile bakoitzak. Hasteko, kate-begietako bat da ekoizpena bera, eta HENASE nekazari eta abeltzainen sustapenerako elkartea arduratzen da horretaz. Egun, zortzi ekoizle biltzen ditu elkarteak, baina aurrera begirako helburutzat hartu dute esparru gehiagotara iritsi eta elkartea zabaltzea.

Azken ikasturte honetan, esaterako, lehen sektoreko diagnostikoa egin dute, eta horretarako, ikuspegi zabal bat lortzeko, 37 elkarrizketa egin dituzte. Udazken honetan dira aurkeztekoak diagnostikoaren emaitzak.

Lehen kate-begi horren barruan, Nekazari Eskolak ardura du bazterketa egoeran dauden pertsonei formakuntza eskaintzeko. Bi urteko bidea egin du, eta orain arteko balorazio positiboa egin dute. Aurtengo edizioan 12 bat lagunek parte hartu dute.

Ekoizpenetik lortutakoak katean aurrera egiten du, eta horren barruan sartzen dira Transformazio Gunea eta Herrilur tokiko produktuen kontsumoa sustatzeko elkartea.

Transformazio Gunea lehengaiak eraldatzeaz arduratzen da, produktuen banaketarako prest uzteko. Besteak beste, Bertako tupper zerbitzua eskaintzen dute. Sukalde Zentraleko ekipoa indartu eta proiektua garatzeko beharra ikusi dute, eta datorren ikasturterako aurrekontutik 50.000 euro horretara bideratzea aurreikusi da.

Bestetik, Herrilur arduratzen da ekoitzitako produktuak kontsumitzaileei zabaltzeaz. Uda aurretik hartu zuen Karabelekon bigarren denda baten ardura, eta horrekin aurrera egin nahian dabiltza. 150 bazkide inguru ditu Herrilurrek, eta jende gehiagora zabaltzea du erronka.

Azkenik, Udaleko ordezkariek Karabeleko gerriko agroekologikoaren planaren berri eman dute. Erriberako nekazal lurrak babestu asmo dituen plan berezia idazten ari dira, eta, horretarako, ingurumen azterketa egin beharra dute aurretik. 30.000 euroko aurrekontua esleitu zaie lan horiei.

Orotara, 135.000 euro aurreikusi dira elikadura sektorera bideratzeko.