Sagarretak bertako zuhaitzen hazi bilketa antolatu du urriaren 5ean

Bioaniztasuna

Sagarreta Natur Taldeak hazi bilketa antolatu du urriaren 5ean, larunbata. Bertako zuhaitzen haziak bilduko dira, gero hazi horiek auzolanean eta ikastetxeekin elkarlanean ereiteko erabiltzeko.

Urtebete da Sagarretak zuhaitz mintegia martxan jarri zuenetik. Bertan, inguruko landareak erein eta hazten dituzte, eta aurrera egiten duten zuhaixkak mendian landatu, bertako basoak sustatzeko helburuarekin.

Mintegia Burujabetzen Etxearen atzealdean dago, eta ikastetxeetako ikasleek ere parte hartzen dute haziak ereiten.

Datorren larunbatean, 09:30ean egingo dute hitzordua Besabin, bertatik abiatzeko. Ez da aurrez izena eman behar. Norbaitek kotxez eramatea behar badu, info@sagarreta.eus helbidera idazteko aukera dago.