Auzoetara zabaltzeko lanean hasi da Hernani Burujabe

Orokorra

Hurrengo urteko plangintza eta aurrekontuak aztertzeko batzarrak egin dituzte Hernani Burujabeko sektoreek, eta, modu horretan, etorkizun laburreko erronkak aztertu dituzte eta bide eman diete. Besteak beste, aurten Bidea Herritar Taldeak egindako auzo biratik iritsitako hainbat proposamen eta eskaera aztertu eta gauzatzeko prestasuna adierazi dute batzarretan. Hala, proiektuak sendotu eta auzoetara zabaltzeko asmoa du Hernani Burujabek heldu den urtean. Hauek dira, laburtuta, sektoreen batzarretan hitz egin eta onartutakoak.

Zaintza

Auzozaintza programa auzoetara zabaltzeko bidean

Datorren urteari begira, Auzozaintza programa Hernani hiriguneko auzo guztietara zabaltzeko asmoa du zaintza sektoreak. Gerora, landa gunera ere zabaltzeko beharra ikusten dute, baina “horretara moldatutako baldintzekin”.

Hautatu gabeko bakardade egoera hauskorrean diren adinekoei begira Hernani Burujabek martxan jarritako programa da Auzozaintza. Dagoeneko 84 pertsonekin egiten dute lan, taldetan zein indibidualki, Hernaniko zortzi auzo baino gehiagotan.

2022an jarri zen martxan, eta emaitza positiboak eman ditu. EHUko ikerketa talde batek programan sei hilabetez parte hartu ostean, adierazi zuten bakardade-sentimendua nabarmen jaitsi zela eta parte hartzaileen buru osasuna ere nabarmen hobetu zela.

Auzozaintzaren oinarria da zaintza komunitarioa sustatzea, eta, hala, Hernani “zaintzen duen herria” izatea. Horregatik, instituzioek programa hedatzeko baliabideak eman arren, beren helburua da auzoetan elkar zaintzeko dinamikak barneratzea. Horretan datza auzozainaren figurak: euren papera adinekoen eta auzoaren arteko zubia izatea da.

Bestetik, aurten Eltzeko egitasmoa abian jarri dute. Kasu honetan, helburu izan dute bizilagunen arteko topaketak sustatu eta elkar topatzeko espazio bat eskaintzea. Eltzekadek antolatzaileen espektatibak gainditu dituzte: “Bere txikitasunean pauso kualitatibo bat ematen lagundu dute”. Aurrera begirako, uda baino lehen plangintza bat antolatuta utzi dute Eltzeko taldeko kideek.

Elikadura

Tokiko elikagaiak jasotzeko puntuak auzoetan

Berriki batzar irekian bildu ziren elikadura sektoreko eragile nagusi diren HENASE, Herrilur, Transformazio Gunea eta Udaleko ordezkariak, eta euren jardunak artikulatu dituzte datorren ikasturteari ekiteko. Horren harira, auzoetatik heldu den eskaera bati erantzuteko prestatzen hasteko borondatea erakutsi dute, hau da, auzoetan tokiko produktuak jasotzeko puntuak martxan jartzea.

Elikadura katean egiteko bat burutzen du eragile bakoitzak. HENASE nekazari eta abeltzainen sustapenerako elkartea arduratzen da ekoizpenaz. Egun, zortzi ekoizle biltzen ditu, baina aurrera begirako helburutzat hartu dute esparru gehiagotara zabaltzea.

Azken lehen sektoreko diagnostikoa egin dute, eta ikuspegi zabal bat lortzeko, 37 elkarrizketa egin dituzte. Udazkenean dira aurkeztekoak diagnostikoaren emaitzak.

Lehen kate-begi horren barruan, Nekazari Eskolak ardura du bazterketa egoeran dauden pertsonei formakuntza eskaintzeko. Bi urteko bidea egin du, eta orain arteko balorazio positiboa egin dute. Aurtengo edizioan 12 bat lagunek parte hartu dute.

Ekoizpenetik lortutakoak eraldatze eta gizarteratze katean aurrera egiten du, eta horren barruan sartzen dira Transformazio Gunea eta Herrilur tokiko produktuen kontsumoa sustatzeko elkartea.

Transformazio Gunea lehengaiak eraldatzeaz arduratzen da, produktuen banaketarako prest uzteko. Besteak beste, Bertako tupper zerbitzua eskaintzen dute. Sukalde Zentraleko ekipoa indartu eta proiektua garatzeko beharra ikusi dute, eta aurrekontutik 50.000 euro horretara bideratuko dituzte.

Bestetik, Herrilur arduratzen da ekoitzitako produktuak kontsumitzaileei zabaltzeaz. Uda aurretik hartu zuen Karabelekon bigarren denda baten ardura, eta horrekin aurrera egin nahian dabiltza. 150 bazkide inguru ditu Herrilurrek, eta jende gehiagorengana zabaltzea du erronka.

Azkenik, Udaleko ordezkariek Karabeleko gerriko agroekologikoaren planaren berri eman dute. Erriberako nekazari lurrak babestu asmo dituen plan berezia idazten ari dira, eta, horretarako, ingurumen azterketa egin beharra dute aurretik. 30.000 euroko aurrekontua esleitu zaie lan horiei.

Energia

Enherkom, ereindakoaren uzta jasotzeko prest

Datorren urterako ekintza plana eta aurrekontua onartu ditu energia sektoreak ere, iraileko batzarrean. Autokontsumo partekatua da orain arteko Enherkomen apusturik handiena, eta jada emaitzak jasotzen ari dira. Zubipen jarritako plaketatik 88 familia ari dira energia jasotzen.

Bigarren instalazioa ere bukatuta dago, Ibaiondon, eta urte amaierarako beste 90 bat familiak bertatik energia jasotzea espero dute, baita hamar merkatarik ere. Instalazio horietako plakak bi enpresen teilatupean daude.

Bestalde, udal eraikinen gainaldean ere autokontsumo partekatuak eraikitzeko asmoa dute, 2025ari begira. Hernani Burujaberen adarretako bat da energia sektorea, eta, hala, kooperatibako kideek nabarmendu dute ez dela aldatu euren izateko arrazoi nagusiena; hori da, “dinamika kapitalistetatik” ateratzea, eta herritarren beharrei erantzutea.

Horregatik, nabarmendu dute arrakasta handia izan duela aholkularitza lanak. Hernaniarrek 600 kontsulta inguru egin dituzte Energia Bulegoan. “Horrek erakusten digu herritarren benetako beharrei erantzuten ari garela”, adierazi dute.

Aurten, Hernani Burujabek auzoetatik jsao ditu zenbait proposamen, eta Enherkom horiek lantzen hasi da dagoeneko. Egoera zaurgarrian daudenei eta pobrezia energetikoari erantzutea ere bada kooperatibaren helburu nagusietako bat.

Orotara, 293.500 euro aurreikusi dira energia sektorearen datorren urteko ekintza-planera bideratzeko.

Moneta

Ekhilur, herriko merkataritza hauspotzen jarraitzea xede

2022an Ekhilur jaio zenetik, indarra hartzen ari da kooperatiba. 626 dira egun dituen bazkideak, eta horietatik 36 saltokiak dira. Hala, hilabetero 10.000 salerosketa inguru egiten dira sistema honen bitartez. Monetak 1.300 erabiltzaile inguru ditu.

“Eragin ekonomikoa du lurraldean, baina baita ere erosketa ohituretan”, azaldu du Patxi Ibarguren Merkataritza zinegotziak. Izan ere, erabiltzaileen %39k adierazi du orain gehiago erosten duela komertzio txikian.

Urte osoko hobari kanpainaren bidez, erabiltzaileek deskontuak izaten dituzte moneta erabiliz gero. Orain arte, hobariak udalak jarri ditu, baina aurten hobari kanpaina konbinatua jarri dute martxan. Horren bitartez, Ekhilurreko erabiltzaile diren saltokien %97k jarri zuen hobariren bat.

Bestetik, ekimena gero eta dimentsio handiagoa hartzen ari denez, teknikoki ere garapena eskatzen du. Horregatik, plataforma berritzeko bidean ari dira. Horrekin lortu nahi dute helbideratze aukerak ematea, eta, hornitzaileak Ekhilur sistemaren barruan sartu ahal izatea. Horren helburua da zirkuitutik dirua atera behar ez izatea, eta horrela kostuak txikitzea.

Izan ere, ekhiak eurotara pasatzeak komisioak ekartzen ditu. Gaur-gaurkoz, Hernaniko merkatariek ezin dute euren hornikuntza ekhietan ordaindu. Horregatik, hornitzaile orokorrak Ekhilurren sisteman integratuz gero, herriko merktariek ez lukete komisiorik ordaindu beharko. Udala ere sisteman sartuz gero, udal tasak herriko monetarekin ordaindu ahalko lituzkete.

Horrez gain, Ekhilur Euskoa Euskal Monetarekin biltzen ari da, sistema bateratzeko eta noranzko berean lan egiteko helburuarekin.

Bioaniztasuna

Publifikatutako lurren kudeaketa zehazteko erronka

Bioaniztasun sektoreak plangintza egina du inguruak naturalizatzen jarraitzeko eta baso lurrak publifikatzeko. Katamotzarriko lurrak erosi ditu jada Udalak –70 hektareako baso sail bat-, eta orain lur horien kudeaketa egiteko hausnarketa aurreikusten du sektoreak.

Berriki egindako batzarrean, sektorearen orain arteko errepasoa egin eta aurrera begira ere jarri dira. Hori guztia auzotarrekin harremanean egin nahi dute, ahal den neurrian elkarlana sustatuz. Bioaniztasunaren sektorea auzoetatik jasotako eskaera eta iradokizunak lantzen ari da, uste baitute, gainera, norabide berean doazela auzotarren eskaerak eta bioaniztasun mahaiaren helburuak.

Horrez gain, Hernaniko zuhaitz eta landarediaren liburua osatzen ari da natur taldea. Herriko 100 zuhaitz esanguratsu identifikatu dituzte. Datorren urteari begira, argitalpena prest izatea eta zabaltzen hastea espero dute.

Ikasturte hasiera emankorra izan da Sagarreta Natur Taldearentzat. Ibai garbiketa egin zuten irailean udalarekin lankidetzan, eta ia 400kg zabor atera zituzten auzolanean Urumea ibaitik. Urrian, bestetik, hazi bilketa egin dute, Zuhaitz Mintegian lantzeko.

Urtebete da Burujabetzen Etxearen atzealdean Sagarreta Natur Taldeak Zuhaitz Mintegia martxan jarri zuenetik. Joan den azaroan, 2.700 hazi baino gehiago erein zituzten bertan auzolanean. Gainera, herriko gazteenekin elkarlanean ari dira. Hernaniko ikastetxeetako 180 haur hurbildu dira aurten Zuhaitz Mintegira, jada ereindako haziak zaintzera eta berriak landatzera. Aurrera egiten duten zuhaitzak gero basora eramatea da asmoa, bertako basoak sustatzeko helburuarekin.