Erronka konplexuak ditugu, goazen konplexutasunean sakontzera

Orokorra

Boterearen deszentralizazioaz, rol aldaketez, parte-hartzearen konplexutasunaz eta ikuspegi sistemikoaren beharraz aritu dira bai Julen Mendoza, Errenteriako alkate ohia eta gaur egun Kogarri gizarte berrikuntzarako aholkularia, eta Xabier Lertxundi, Hernaniko alkatea.

Mendozak aitortu du gizarte eraldaketaren berrikuntza txertatzeaz ari garenean, erronka konplexu baten aurrean gaudela eta horretarako ezinbestekoa dela ikuspegi lineal batetik ikuspegi sistemikora pasatzea, hau da, sistema batean dauden elementuak eta horien artean gertatzen diren harremanak kontuan hartzen dituen ikuspegira. “Egungo demokrazia ez da gai konplexutasunari erantzuteko. Demokrazian sakondu behar dugu demokrazia salbatzeko. Konplexutasunean sakontzeak suposatzen du demokrazian sakontzea eta beste arkitektura batzuk sortzea eta boterearen deszentralizazioan eragitea”.

Botereak deszentralizatzeak, ordea, bada rol aldaketa bat, eragile guztiei eragiten diena. “Prest gaude rol aldaketa horietarako? Non kokatzen da bakoitza? Harreman logika berriak sortzen dira”.

Aldaketa hori praktikara eramaten ari dira azken urteetan Hernanin, Hernani Burujabe herri ariketa kolektiboaren bitartez, eta Xabier Lertxundik azaldu du praktika horietatik ari direla ikasten, sakontzen eta eraldatzen. Aurrekontu parte-hartzaileen prozesuetatik sortutako hausnarketa batetik jaio zen Hernani Burujabe, udalak, herritarrek eta ehun ekonomikoak osatuta.

“Ez da udal gobernuaren plan bat, herri egitasmo bat da eta hori zaindu behar da fase guztietan”, azaldu du Lertxundik. Eta zentzu horretan, nabarmendu du aldeko masa kritiko bat gorpuztea ezinbestekoa dela egitasmoak aurrera egiteko eta horretan asko lagundu duela praktikotasunak, sektore estrategikoetan gauzatzen ari ziren ekimenek: energia komunitatea, bertako moneta…

Orain egitasmoa egonkortze fase batean dagoela azaldu du. “Prozesu konplexua da eta horretarako egitura konplexua diseinatu behar dugu. Beti ildo berdinari jarraituz: Ariketa kolektiboa izan dadila. Momentuero eztabaidatzen dugu erabakiak nork, non eta nola hartu behar dituen. Gobernu ekosistema bat diseinatuta daukagu gaur egun, behin betikoa ez dena, eraldatzen jarraituko duelako. Ulertzen dugu konplexutasun honetara jendea atxikitzea zaila dela, baina gure lana da hau azaltzea”.