Enherkom, ingeniaritza ikasleen intereseko

Energia

Euskal Herriko Unibertsitateko ingeniaritza ikasleek Burujabetzen etxera bisita egin dute gaur, Enherkom energia komunitatea gertutik ezagutzeko. Alderdi energetikoak, bai, baina interes gehien sorrarazten duena Enherkomek praktikan jartzen duen komunitate eredua da: autokontsumo partekatua, pobrezia energetikoan eragiteko aholkularitza, barne antolamendu demokratikoa… Etorkizunean ingeniari izango diren horiei ikasketa teknikoez harago konpromiso soziala ere helarazi nahi izan diete irakasleek.

Hala, Enherkomeko kideek azaldu dute Energia Berriztagarrian Komunitate hau 2021ean sortu zela, herritarren kezkatik abiatuta. Lau urteren ostean, 300 bazkide izatera iritsi dira. Irabazi gabeko kooperatiba izaki, finantza-onurak komunitatearen ekimenetara bideratzen dituzte, eta hasi dira egindako lanaren uzta jasotzen. Besteak beste, 90 familia inguruk jasotzen dituzte autokontsumo partekaturako ipinitako plaka fotovoltaikoen onurak.