Mitxelena kooperatibak 20.000 euro eman dizkio Hernani Burujaberi

Orokorra

Hernaniko Mitxelena kooperatibak 20.000 euro eman dizkio Hernani Burujaberi, IPDK Interes Publikoko Dirulaguntza Kooperatiboaren funtsetik. Kooperatibak euren irabazien %10 interes orokorreko proiektuetara bideratzeko konpromisoa dute, eta Mitxelenako kudeatzaile den Alaitz Tolosak azaldu duenez, Hernani Burujaberi ematea erabaki dute “erantzukizun sozialagatik”: “Gure balioekin bat egiten duten hainbat ildo tratatzen dituelako: ingurumenarekiko errespetua, berdintasun soziala…”. Kooperatiba Enherkom energia komunitateko kide ere bada.

Hain justu, aurten 25 urte bete dira mekanizazio enpresa honek kooperatiba forma hartu zuenetik. 60 urte baino gehiagoko ibilbidea duen arren, 2000. urtean langileek hartu zuten enpresaren jabetza.