Aurten ere, bigarren urtez, Hernani Burujabe auzoetara hurbilduko da elkarlanerako deia luzatzeko asmoz. Auzo batzarrak egingo ditugu Hernaniko zazpi auzotan: Etxeberri, Antziola, Karabel, Zikuñaga, Latsunbe, Lizeaga eta Erdigunea. Bertan, gure jardunaren berri emango dugu eta auzotarren beharrengan arreta jarriko dugu, denon artean erantzun bat eman diezaiegun.
Auzoetara hurbildu nahi dugu elkarrekin antolatu gaitezen. Nork jakingo du, auzotarrek baino hobeto, zer den auzoak behar duena eta eskaini dezakeena? Tokian toki, baldintzak ezberdinak dira eta beharrak ere bai. Hernani Burujabek herria antolatzeko modu berri bat martxan jarri nahi du eta, horretarako, auzoak antolatzetik hasi behar dugu.
Aurten, gainera, sarea zabaltzeko asmotan, herriko elkarte eta eragileekin ere hartu-emana izatea da gure asmoa, herriko nukleo eta motorrak direlako. Ulertzen dugu dezente duela Hernani Burujabek elkarteei eskaintzeko, baita alderantziz, haiengandik jasotzeko ere.
Bidea herritar taldeak dinamizatuko ditu batzarrok; hain justu, Hernani Burujabe herriratzeko ardura du taldeak, herritarron parte hartze aktiboa bilatzekoa. Hala ere, Hernani Burujaberen egiturak ahalbidetzen du herritarrok harremanetan egotea sektore ekonomiko eta administratiboarekin. Hala, herritarren beharrei elkarlanean eman diezaiekegu erantzuna.
Bizitzarako oinarrizko diren arloak kapitalismoaren logikatik ateratzen saiatu nahi dugu: ez dira negozioa, eskubideak dira: elikadura, energia, bioaniztasuna, moneta, zaintza, telekomunikazioak eta etxebizitza, besteak beste. Herritarrak ahaldundu ditzagun sektore horien gaineko erabakimena izan dezagun.
Hona hemen auzo batzarren egutegia (auzoak gutxi gorabehera
kokatu ditugun arren, gida bat da; ez da ezer itxia):
-
Martxoak 3: Etxeberriko Auzokide auzo elkartearen egoitzan (Florida; Etxeberri)
-
Martxoak 6: Zelabide auzo elkartearen egoitzan (Antziola)
-
Martxoak 10: Karabelgo Belkara auzo elkartearen egoitzan (Karabel; Portu)
-
Martxoak 17: Zikuñaga auzo elkarteko egoitzan (Zikuñaga; Osiñaga; Martindegi)
-
Martxoak 20: Latsunbeko Iturritxo auzo elkarteko egoitzan (Sorgintxulo; Latsunbe; Galarreta; Jauregi)
-
Martxoak 24: Urumea ikastolan (Lizeaga; Santa Barbara; Elizatxo; Txantxilla)
-
Martxoak 27: Biteri kultur etxean (Kaxko; Erdigunea)