Desazkundeari buruzko mahai inguruak herritar askoren interesa piztu du

Sandiusterriko aretoa betetzerainoko interesa piztu zuen desazkundearen eta energia kontsumoaren inguruko mahai inguruak. Krisi ekosozial eta energetikoaren argazkia osatzen saiatu ziren  Aritz Ameztegi Debagoiena 2030eko ordezkaria eta Jokin Bergara EHUko irakasle eta Jauzi Ekosozialeko kidea. Amagoia Mujika Telleria GARAko kazetariak gidatutako saioan egoera honetara ekarri gaituen eredua zalantzan jarri eta horren aurrean har daitezkeen irtenbideak eta dauden aukerak aletu zituzten. 80 bat lagun zituzten aurrean hizlariek.

Modu teorikoagoan aritu zen Bergara, eta Debagoienean egiten ari diren bide praktikoa azaltzen saiatu zen Ameztegi. Klima krisiaren eragina ahalik eta gehien murrizteko gizarteak saiatu beharra duela azpimarratu zuten, planetaren tenperatura globala igotzen ez den gradu hamarreko bakoitza garrantzi handikoa dela iritzita. 

Ameztegik Debagoiena 2030 egitasmoaren nondik norakoak xehetu zituen, eta dituzten helburuak azaldu, hots, eskualdearen ekonomia ahal den neurrian karbono neutral bihurtzea hurrengo hamarkadetan. Egitasmo horretan eskualdeko hainbat udal, kooperatiba eta elkarte batzen dira, trantsizio energetikoa elkarrekin egiteko asmoz. 

Egungo kontsumoa karbonorik gabekoa izateko, eskualdeak beharko lituzkeen instalazio berriztagarriak zeintzuk izango liratekeen aipatu zuen Ameztegik: Oñatikoaren moduko 45 ur jauzi, Elgearen moduko 9 parke eoliko edo 544 instalazio fotovoltaiko Arrasaten Ekiolak duenaren modukoak (1,2 megawatt eta hektarea bateko hedadura). 

2019an jarri ziren martxan eskualdean, eta lehen lana izan zuten eskualdeko energia kontsumoaren argazki ahalik eta fidelena zein den argitzea. Hor ikusi zuten Debagoienak kontsumo handiena duen sektoreak zeintzuk diren: garraioa eta industria. Kasu guztietan, gainera, kontsumo gehiena klima aldaketa sortzen duten erregai fosiletatik dator. 

Hurrengo hamarkadetan kontsumo horiek gutxitu beharra eta erregai fosiletatik egun kontsumitzen den energia elektrikoa bihurtzeko beharra ikusi dute, eta bide hori nola egin aztertzen ari dira. Hala ere, eta egungo kontsumoak %40 inguru gutxituta ere, ase beharreko energia behar bat egongo dela adierazi zuen, eta hori nola estali erabakitzeko, hainbat aukera aipatu zituen: kanpotik energia inportatzea, zentral nuklear txikiak egitea edota instalazio berriztagarriak egitea, besteak beste.

Alternatibak, mugimendu ekologistatik

Jokin Bergarak desazkundearen beharra nabarmendu zuen, eta Euskal Herriak herri gisa duen erronka nagusietako baten gisa deskribatu zuen krisi ekosoziala. Ekologismoaren ardura ere azpimarratu zuen, orain arte proiektu zehatzen aurrean ezezkoa ematea izan baita nagusiki bere zeregina eta horrek identitate indartsu bat eman dio. Oraingo honetan, baina, alternatibaren bat emateko beharra dutela erantsi zuen, ez baita nahikoa dagoenari ezezkoa esatea. Eta jakina, azken funtzio hori zailagoa da ezezko huts bat ematea baino. 

Gainera, gizartean ezarrita dauden ohitura batzuk aldatzeko beharra ere aipatu zuen, eta askotan, herritarrek sistema neoliberal eta indibidualista honetan ez du ondoegi hartzen zenbait jarduera mugatzea: autoen abiadura, hegaldi kopurua murriztea. Hori erakusten duten adibide zehatzak ere aipatu zituen, esaterako, hondakinen harira Gipuzkoan egon zen eztabaida soziala.

Euskal Herriak trantsizioa egiteko dituen oztopo gehigarriak ere erantsi zituen: estaturik ez edukitzeak, adibidez, zailtasun handia eragiten du prozesuak planifikatzeko. Energiaren gainean kontrol publikorik ez edukitzeak ere traba handia sortzen duela nabarmendu zuen. Hala ere, saiatu beharraren garrantzia azpimarratu zuen.