Enherkomeko bazkideek 2025eko plangintza aho batez onartu dute

Energia

Enherkom Hernaniko energia komunitateak batzar orokor arrakastatsua egin zuen asteartean; 50 bazkide inguru bertaratu ziren, eta aho batez onartu zituzten kooperatibako bazkideei proposatutako plangintza eta erabakiak.

Lehenengo zatian, iazko kooperatibaren jarduerak eta balantze ekonomikoa azaldu zituzten. Lan-ildoen artean, energia bulegoak herrian eragin duen onura nabarmendu zuten: 400 pertsona baino gehiago pasa dira bulegotik eta, aholkularitzaren bitartez, 300.000 euro aurrezten lagundu dute.

Bestetik, 2024an epe luzeko erronketan izan dute begirada. Duela gutxi Hernaniko Udalarekin sinatutako hitzarmena izan da horren emaitza: herriko eraikin publikoetako teilatuetan plaka fotovoltaikoak jartzeko eskumena lortu du Enherkomek.

Behin joan den urtearen balantzea eginda, datorrenerako kudeaketa-plana azaldu dute batzar orokorrean. Energia komunitateak jarraituko du instalazio fotovoltaikoak jartzeko lanetan –bai hitzarmenak ahalbidetutako teilatuetan, baita eraikin pribaturen batean ere–, eta aholkularitza energetikoa ere ematen jarraituko du.

Enherkomeko kideek gogorarazi nahi izan dute ez direla enpresa soil baten parte, ez dela ahantzi behar Enherkom herri proiektu bat dela, eta komunitatea indartzeak garrantzi handia duela. Horretarako, herritarrak komunitatearen bazkide egin daitezke (esteka honetan). Batzarra ere gardentasunaren adierazle da eta parte hartzea irekitzeko bidea. Beraz, jarraituko dute Enherkomen nondik norakoez informatzen.