Lankidetza-hitzarmena sinatu dute Etxegurak eta Hernaniko Udalak

Etxebizitza

Hernaniko Udalak, Hernani Burujabe herri proiektuaren baitan sortutako Etxegura, etxebizitza burujabetzaren aldeko elkartearekin lankidetza-hitzarmena sinatu du, “udalerrian etxebizitza eskubidea sustatzeko eta etxe hutsen mobilizazioa bultzatzeko”.

Hernani etxebizitza eskari handia dago eta Udala horren jakitun da. Hirigintza garapen berriak beharrezkoak badira ere, etxebizitza huts asko dago gure herrian. Horregatik, etxebizitza parke pribatuaren aktibazioa ere funtsezkoa da. Udalak bere esku dagoena egin nahi du horretarako, nahiz eta eremu pribatuan esku hartzeko mugak izan. Udalaren eta Etxeguraren arteko lankidetza-hitzarmen hau beste urrats bat da hernaniarren etxebizitza-eskubidea gauzatu ahal izateko.

Hitzarmenak lau urteko iraupena izango du. Urteko, 22.000 €ko dirulaguntza emango dio Udalak Etxegurari, dinamizazio eta aholkularitza lanak egin ditzan, eta etxebizitza politika komunitarioak sustatzeko. Ainara Atorrasagasti Hirigintza zinegotziak adierazi duenez, “gaur egun, etxebizitza eskubidea bermatzeko ezinbestekoa da elkarlana eta ikuspegi komunitarioa, eta hitzarmen hor kokatzen da”.

Etxebizitza Behatokia jarriko da martxan

Hitzarmenari esker, Etxegurak Etxebizitza Behatokia jarriko du martxan, besteak beste. Zerbitzu honek etxebizitzaren gaiaren inguruko kontsultak bideratu eta Hernanin etxebizitza arloko azterketak egingo ditu.

2024an sortu zen Etxegura elkartea, “Hernaniko etxebizitzaren errealitateaz kezkatuta elkartutako herritar talde baten ekimenez”. Ordutik, etxe hutsak mugiarazteko eta alokairu soziala sustatzeko ekintzak egin dituzte: Jabe Solidarioen ekimena, esaterako.

Besteak beste, Udalak eta Etxegurak sinatu duten lankidetza-hitzarmenaren baitan Etxegurak arlo hauetan jardungo du: aholkularitza eta arreta zerbitzua eskaintzen kolektibo zaurgarriei; higiezin sozialaren alternatibak aztertu eta martxan jartzen; etxebizitza hutsak mobilizatzen; etxebizitza eredu alternatiboen garapena dinamizatzen; etxebizitza kooperatibak sustatzen; alokairuaren merkatua aktibatzen -batez ere gazteei begira- edota higiezinen merkatuan gaur egun dagoen arrazismoaren borrokan.

Etxebizitza Behatokia Burujabetzen Etxean kokatuko da (Florida, 28).