Zaintza komunitarioaren garrantzia erdigunean jarri nahi izan du Eltzekoa taldeak, Zaintzaldia ekimenaren bitartez. Urriaren 25etik 31ra bitartean, 304 herritarrek ‘Auzozain’ izateko ardura hartu zuten, eta konpromiso txiki batzuk hartu zituzten: esaterako, auzotarren izenak ikasi eta agurtu; laguntza behar duenari, eskaini; edota ‘Auzozain’ zinta zeraman beste bizilagun batekin zaintzen inguruan hitz egiteko tartea hartu.
Gainera, astebetez kultur egitarau zabala eskaini zuten egungo zaintza lan desorekatuen inguruan hausnartzeko. Finean, Eltzekoa taldearen helburuetako bat da zaintza sistema publiko-komunitarioa sustatzea, alde batetik, zaintzeko eskubide unibertsala aldarrikatzeko eta, bestetik, zaintzaileen lan-baldintza egokiak bermatzeko. Sektore publikotik bakardade ez hautatuari aurre egiteko Auzozaintza programa martxan dagoen arren, komunitateek ordezkaezinak dituzten bertuteak aitortu nahi dituzte, eta horiek indartzeko apustua egin, indibidualizaziorako joera gailentzen den honetan.
Zaintzaldiaren arrakasta ikusirik, eta herritar ugari lanketa egiteko prest daudela jakinda, Eltzekoa taldeak ekimena luzatuko du eta izen-ematea ireki du berriz ere, esteka honetan. Bestetik, deialdi gehiago antolatuko dituzte, eta horien berri izateko informazio kanala zabaldu dute. Informazioa jaso nahiez gero, sartu kanalean lotura honen bidez.

