Elkarrekin programaren bitartez sustatua izan den Nekazaritza eskolak amaiera eman zion bere ibilbideari joan den azaroaren 7an. Beterri Buruntza Mankomunitateak, HENASEk, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Hernaniko Udalak elkarlanean garatutako egitasmoa da, lurraldean nekazaritza jasangarria eta gizarteratzea eta inklusioa uztartzen dituen proiektu erreferentea.
Aurtengo edizioan bi formakuntza ibilbide egin dira, eta guztira 31 pertsonak hartu dute parte, guztiak ere zaurgarritasun egoeran dauden herritarrak. Parte-hartzaileek formakuntza teoriko eta praktikoa jaso dute HENASEko formatzaile eta hezitzaileen eskutik, Hernaniko Burujabetza Etxean eta Karabeleko baratzean. Parte hartzaileetatik 31 hasi ziren, horietatik 21ek bukatu zuten ibilbidea, 4 pertsonak bere egoera erregularizatu dute eta 2k lana lortu dute formakuntzan parte hartzeagatik.
Ikastaroa amaituta, ikasleek bi hilabeteko praktikaldiak egin dituzte HENASEko zein Beterri Buruntzaldeko Eskualdeko etxaldeetan. Praktika horiek lan-dinamikak gertutik ezagutzeko eta ikasitakoa benetako testuinguruetan aplikatzeko aukera eskaini diete.
Era berean, HENASEko ekoizle profesionalak ere programan parte hartu dute, formakuntza teorikoan irakasle lanetan arituz eta gai espezifikoen inguruko saioak dinamizatuz. Haien esperientziak eta ezagutzek ikasleen prestakuntza aberastu dute, nekazaritza jasangarriaren ikuspegi erreal eta eguneratua eskainiz.
Nekazaritza Eskolak, horrela, formakuntza, gizarteratzea eta tokiko nekazaritza uztartzen dituen bideari jarraipena eman dio, etorkizuneko lan aukerak sustatuz eta lurraldeko nekazaritza proiektuak indartuz.
Aurten, gainera, bigarren edizioari amaiera emateko, lehen eta bigarren txandetako parte hartzaileekin topaketa eta bazkaria egin zen, egindako ibilbidea ospatzeko. Ekitaldian, ikasleei diplomak banatu zitzaizkien, ikastaroan eta praktikaldietan egindako lana aitortuz.

