Joan den larunbatean, abenduak 13, zaintza lanetan dabiltzan 20 emakume migratzaile baino gehiago bildu ziren Maitelan kooperatibak antolatutako sukaldaritza tailerrean, Kulturarteko Plaza Feministan.
“Batzen gaituzten zaporeak: zaintza eta kultura” izena eman zioten ekimenari. Elikagaien jatorria izan zuten izpide: “bertakotzat” jotzen ditugun jaki asko kanpotik ekarriak baitira, nahiz eta euskal gastronomian erabat integratuta egon. Hausnarketa horrek balio izan zuen herrialdeen arteko mugak zalantzan jartzeko eta kulturartekotasuna balioesteko.
Elkarrizketa hauek sukaldaritza tailerraren bueltan sortu ziren, Juan Mari Izagirre Balerdi sukaldari hernaniarra irakasle zutela. Menu txukuna osatu zuten: lehenengo plater moduan porrusalda eta lekak patatekin; jarraian, oilaskoa txilindron erara eta albondigak tomatearekin; eta, postrerako, ogi-torradak eta sagar-tarta.
Tailer hau arrazakeriaren aurkako proiektu baten parte da, Maitelan kooperatibak sustatuta eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Beterri Buruntza mankomunitatearen babesa duena. “Zaintza lanak eraldatzen: arrazakeriaren aurrean, pertsonatik pertsonako elkarrizketak” proiektua denak helburu du elkarrizketarako eta sentsibilizaziorako espazioak sortzea, zaintza lanen arrazializazioa auzitan jartzeko. Beterri Buruntza eskualdeko zenbait herritan antolatuko dira ekimenak.
Datorren hitzordua abenduaren 20an izango da, Plaza Berri ondoan, 10:00tik 14:00ra bitartean. Zaintzaile profesionalen bizipenak entzuteko aukera izango da, askotan ikusezinak diren egoerak partekatuko dituzte. Antolatzaileek elkarrizketa informala izatea nahi dute, herritarren parte hartzea sustatu nahi dutelako.
Hortaz, gonbidapen zabala egin du Maitelanek: zaintzaile diren pertsonak, zainduak direnak, hernaniar oro. Elkar entzunez komunitate bidezko eta solidarioagoa eraikitzeko deia egin dute.
“Zure parte hartzea aldaketaren parte da!”

