Goiener Ekhilur sisteman integratzeko froga egingo da merkatariekin

Moneta

Ekhilurren erronketako bat da ekhi monetaren zirkuitua zabaltzea. Momentuz, proba moduan, herriko zenbait merkatarik Goienerri ekhitan ordaindu ahal izango diote

Ekhilur herriko ordainketa sistema dimentsio esanguratsuak hartzen ari da: 791 bazkide ditu, eta horietatik 63 profesionalak dira. Hurrengo erronka da merkatariek ere hornitzaileak ekhien bidez ordaindu ahal izatea eta, hala, herriko moneta sistema indartu.

Bide horretan, Goiener energia berriztagarrien kooperatiba ekhiaren zirkuituan sartzeko proba hasiko dute aurten eta, hala, Ekhilurren bazkide diren zenbat Hernaniko dendek ekhietan ordaindu ahal izango dute elektrizitatea, behin Goienerreko bazkide direla.

Helburua da probaldiaren ostean merkatari guztiei aukera hau zabaltzea, baita geroz eta hornitzaile gehiagok bide bera jarraitu eta horiek sisteman integratzea ere.