Kaxkoan zuntz publiko-komunitarioa zabaltzeaz bukatuko dute aurten

Udala, EHKOM eta Izarkom Hernaniko Kaxkoan Interneterako konexioa hobetuko duen zuntza hedatzeko lanetan ari dira. Aurten bukatzea aurreikusten dute.

Gaur egun oinarrizko eskubide den Internet konexioa bermatze aldera, herrian konexio txarra duten auzo edo eremuak sarbide egokia izan dezaten baliabidez hornitzea da elkarlan honen helburua. Hernaniren kasuan, Kaxkoa da eremu horietako bat.

2023an hasi zituzten zuntza hedatzeko obrak. 2025ean bigarren fasea bukatu berri dute eta, horri esker, ondorengo etxebizitzek dute zuntzera konektatzeko aukera: Kale Nagusian, 2 zenbakidun portaletik hasi eta 46 zenbakira arteko atari bikoitiek, 47a, eta 49tik 58ra bitartekoak; Andre Kalen, berriz, 1. portaletik 49ra arteko portal bakoitiek.

Sarea librea denez, edozein operadoreren bidez dago hura erabiltzeko aukera.