Etxe hutsen jabeak bilera informatibora deitu ditu Udalak, eta Etxebizitza Behatokiaren berri emango da

Etxebizitza

Urtarrilean ireki ditu ateak Etxebizitza Behatokiak (Burujabetzen Etxea, Florida 28), Etxeguraren eta Udalaren arteko hitzarmenari esker. Herritarrei aholkularitza ematea eta etxebizitzaren problematikaren aurrean erantzun bat artikulatzeko helburua duen zerbitzu honek Hernani Burujabe prozesuarekin bat egiten du, baita Hernaniko Udalak gaiari eusteko diseinatuta duen plangintzarekin ere.

Besteak beste, herriko etxe hutsak mobilizatzeko eginkizuna du Behatokiak, eta horrekin lotura du Eusko Jaurlaritzak Hernani berriki Tentsio Eremu izendatu izana. Horren bitartez, Ondasun Higiezinen gaineko Zergan %150eko errekargua eta kanona ezarriko zaie etxea hutsik duten jabeei. 

Izendapen horren harira, Udalak bilera informatibora deitu ditu herriko etxejabeak, datorren otsailaren 12an, udaletxeko areto nagusian, 18:00etan. Bileraren helburua Tentsio Eremu izendapenaren ostean etxebizitza hutsen inguruan ezarriko diren lehen neurriak azaltzea eta, horrez gain, etxejabeentzako eta etxe hutsak alokairura bideratzeko dauden zerbitzu eta programak azaltzea izango da.

Halaber,  Etxebizitza Behatokiaren berri ere emango da, eta etxejabeei bertatik eskainiko denari buruz informatu. Eusko Jaurlaritzak eskaintzen dituen zein Limes higiezin sozialarekin propio Hernanirako sortutako hutsUnea egitasmoa ere aurkeztuko da.

Ainara Atorrasagasti Hirigintza zinegotzia eta Etxegurako Iraitz Apeztegia