Proiektuen hedapena eta garapena lortu du Hernani Burujabek 2025ean

Orokorra

Herrian geroz eta errotuago egoteari esker, proiektu burujabeak trantsizio ekosozialerako bidean emaitza esanguratsuak ematen ari dira, euren bidea hasi zutenetik bost urtetara

Hernani Burujabe 2020an abiatu zen herri-proiektu gisa, trantsizio ekosoziala helburu. Lehen urteak oinarriak jartzeko, gobernu ekosistema sortzeko eta sektore estrategikoetan proiektuak abian jartzeko baliatu genituen. 2024 eta bereziki 2025a, ordea, kontsolidazio urteak izan dira: azpiegiturak herritartu dira, sektoreak egonkortu dira eta herritarren eguneroko bizitzan eragin zuzena duten emaitzak agerian hasi dira.

Elikadura, energia eta moneta sistemek soilik 2025ean 466 tona CO₂ baino gehiagoko murrizketa eragin dute. Baina trantsizioa ez da soilik ingurumen-datu bat: 36 enplegu arrunt egonkortu dira sektore burujabeetan, 5 laneratze enplegu eta 4 arraigo edo erregularizazio prozesurekin batera. Hau da, trantsizio ekosoziala lanpostu, gaitasun eta bizi-aukera berriak sortzen ari da.

Sektorekako datu batzuk

Energia arloan, autokontsumo partekatuak jauzi nabarmena eman du: 520,9 kW-ko potentzia metatua eta 58.550 kWh ekoizpen berriztagarri lortu dira, 276 erabiltzaile eta 11 negoziori eraginez. Enherkom komunitate energetikoak 350 bazkide ditu gaur egun, eta 216.538 euroko fakturazioa lortu du, hazkunde argian. Energia Bulegoak 350 pertsona baino gehiago artatu ditu eta 50 bonu sozial baino gehiago tramitatu dira, pobrezia energetikoari aurre egiteko.

Elikaduran, balio kate osoa sendotzen ari da: ekoizpena, eraldaketa eta kontsumoa koordinatuta. Herrilurrek 141 bazkiderekin jarduna egonkortu du, eta 32.836 euro bideratu dira bertako ekoizleen produktuetara. Karabeleko udalaren esku geratu da, lehen sektoreko belaunaldi-erreleboa eta elikadura burujabetzaren espazio ireki eta herritarra garatzeko.

Tokiko monetaren kasuan, Ekhi sistemak 2.958.052 euroko salmenta bolumena lortu du 2025ean, eta masa monetarioa 204.156 eurora igo da. 1.450 erabiltzaile eta 724 bazkiderekin, Ekhi ez da soilik ordainketa-tresna bat: tokiko ekonomia artikulatzeko eta aberastasuna lurraldean bertan birzirkulatzeko tresna estrategikoa da. Gainera, lehen esperientzia pilotuak abiatu dira energia Ekhi bidez ordaintzeko.

Zaintzaren arloan, Etxeko Zaintza Zerbitzuak 170 pertsona artatu ditu, eta auzozaintzak 28 akonpainamendu eta 11 talde-topagune mantendu ditu. Aldi berean, zaintzaileen zaintzan bi laguntza-ildo jarri dira martxan, zaintza-lanen karga fisiko eta emozionalari erantzuteko. Zaintza sistema publiko-komunitario baten oinarriak sendotzen ari dira.

Etxebizitzan, aurrerapauso instituzional garrantzitsuak eman dira: Bizitegi Merkatuan Tentsio Handiko Eremu izendapena eskatu da, Etxebizitza Behatokia 2026ko urtarrilean ireki da, eta hutsUNEA programa publiko-komunitarioa martxan jarriko da etxebizitza hutsak mobilizatzeko.

Planifikazio publiko-komunitarioa

Planifikazioari dagokionez, 8 auzo batzar eta 19 elkarte batzar egin dira, eta sektoreetako planak ikuspegi territorial eta sozialarekin berrikusi dira. Burujabetzen Kontseilua egonkortu da, eta 2026ko ekintza plana eta aurrekontuak modu partekatuan onartu dira. Erronkak badaude —parte-hartzean hobekuntzarako tartea, esaterako— baina gobernantza publiko-komunitarioa finkatzen ari da.

Laburbilduz, 2025ean Hernani Burujabe ez da ideia edo diskurtso hutsa izan. Azpiegiturak, enplegua, energia ekoizpena, fakturazioa, bazkide kopuruak eta CO₂ murrizketak datu zehatzekin erakusten dute trantsizio ekosoziala martxan dagoela. Orain erronka nagusia eskala handitzea da: herritar gehiagoren inplikazioa lortzea eta eguneroko bizitza bizigarriago egiteko proiektuak zabaltzea.

Hernani Burujabe ez da etorkizuneko promesa bat. Orainaldian eraikitzen ari den errealitate bat da.

Hernani Burujabek mural berria du

2025eko memoriaren aurkezpena agertoki berri batean egin da gaur, otsailak 27. Hain justu, Latsunbeko kirol eremuan, bertan dagoelako ia bukatuta dagoen mural berria. Aste honetan hasi dira margoketak, eta datorrenerako bukatuta egongo dela aurreikusten da. “Herritarrak ahaldundu, herritarrok erabaki” leloa ageri da letra handietan eta, azpian, sare zabala ehuntzen ari diren figurak; Hernani Burujabeko eragileak lotuko dituen sarea.