Hamaika lagun elkartu dira gaur Antziolako Auzozaintza taldean, duela hiru urtetatik mantentzen duten asteroko hitzorduan. Gonbidatuen zain daude iritsi garenerako; auzora ez omen da herriko jende asko iristen, eta egiten duten lana kontatzeko desiratzen daude. Denen ahotsak jasota daude erantzun hauetan.
Zertan aldatu da auzoa azken urteetan?
Asko aldatu da, eta fase askotatik pasa da. Auzora iritsi ginenean, bizi-bizi zegoen hau: auzo elkartea zegoen eta urtero festak antolatzen genituen. Baina, horrez gain, auzoan bertan egiten genuen bizitza, denda eta taberna ugari genituelako, eta eskola ere bai. Baina gehiengo hori galdu egin dugu.
Hala ere, Txokoa dugunetik hasi dira gauzak aldatzen. Lehen auzo elkarteak erabiltzen zuen lokala da Txokoa, baina azkenaldian Etxe Kaleratzeak Stop taldeak bakarrik erabiltzen zuen. Auzozaintzako topaketak hemen egiten ditugunetik, ari da zerbait berpizten.
Tarteka elkartu eta ondo pasatzetik harago, auzoan eragina izan duzue, beraz?
Denetarik egiten dugu hemen. Hitz egin, jolastu, dantzatu, egun bereziak ospatu… Aspaldian utzita genituenak; orain desiratzen egoten gara osteguna, biltzeko eguna, iristeko. Noski, txokoko atea irekita izan ohi dugu edozein auzotarrentzat.
Guk nahiko genuke auzoa berriz ere bizirik egotea. Iaz hasi ginen auzoko festak berreskuratu nahian, San Cristobal eguna. Guk geuk antolatu genuen bazkaria eta geroko dantzaldia. Lehen aldia genuenez antolaketan, ez genuen deialdia asko zabaldu, baina aurten irekia egin nahi dugu: a lo grande. Horregatik gustatuko litzaiguke auzotarrak ere inplikatzea antolakuntzan, “jai batzorde” modukoa sortu, egun horretarako erabiliko duguna.
Bestetik, kultur agenda ere errepasatzen dugu astero eta, hala, herrian egiten diren gauza gehiagoren berri daukagu. Lehen, gutako asko ez ginen hurbiltzera herrira. Orain tarteka bagoaz, eta beste auzoetako jendearekin ere elkartzen gara.
Zaintzen duten komunitateak sortzeko sortu zen Auzozaintza. Nola zaintzen duzue elkar?
Hemen, kafearen bueltan, harreman sakonagoak egiteko aukera izan dugu; lehen kalean topatzen ginen, dendan, baina ez genuen bata bestea ezagutzeko denborarik hartzen. Orain, ordea, gai askoren inguruan hitz egiten dugu, norberarentzat garrantzitsuak diren gauzak kontatzen ditugu eta ezinegonak ere partekatzen ditugu. Konfiantza giroa lortu dugu gure artean eta elkarri adi egoten gara.

