Ekhilurrek lau urte baino gehiagoko ibilbidea egin du jada Hernanin. Hasieran proba pilotu gisa abiatu zen egitasmoa gaur egun tokiko ekonomia indartzeko erreferente bihurtzen ari da. Urteko batzarra egingo du kooperatibak ekainaren 19an. Batzarrera bertaratzeko asmoa duenak, galdetegi honen bitartez eman beharko du izena.
Duela lau urte sortutako Ekhilur kooperatibak Hernanin hartu du nagusiki lurra. Izan ere, hasieratik egin zuen bat bete-betean Hernani Burujabe prozesuarekin, zeinak helburu duen, besteak beste, tokiko ekonomia indartu eta demokratizatzea. Hala, gainontzeko proiektu burujabeak lotzeko tresna baliagarria izan da ekhia.
Hasieran proba gisa sortu zen moneta proiektu honek herrian finkatzea lortu du eta, gaur egun, sareak 1.400 erabiltzaile, 130 profesional eta saltoki, 8 elkarte eta Hernaniko Udala biltzen ditu. Lau urte hauetan zehar, sistemak 7,9 milioi euro baino gehiago mugitu ditu tokiko ekonomian, 325.000 erosketa eta salmenta eragiketa baino gehiagoren bidez.
2025ean, Ekhilurrek ia 3 milioi euroko bolumena izan zuen eta 120.000 eragiketa baino gehiago egin ziren sistemaren bidez.
Ekhilurren erabilera gero eta normalizatuago dago herrian, eta gaur egun sareko saltokietan egiten diren ordainketen batez bestekoaren %15 Ekhilur bidez egiten da.
Tokiko merkataritza indartzeaz gain, sistemak herriko elkarteetan ere eragin zuzena du. Izan ere, erabiltzaileen ekarpenei esker, sarean parte hartzen duten elkarteek ia 10.000 euro jaso dituzte dohaintzetan.
Bestalde, Hernaniko saltokien artean proba pilotu bat egiten ari dira Goiener eta Izarkom erakundeekin elkarlanean, eta dagoeneko energia eta internet zerbitzuak Ekhilur bidez ordaintzen hasi dira hainbat establezimendu. Internet zerbitzuaren kasuan, EHKom komunitate-zuntzaren bidez eskaintzen da konexioa; eta energiaren arloan, saltoki batzuk Enherkom energia komunitateko autokontsumo egitasmoetan ere parte hartzen ari dira.
Europako tokiko ordainketa sistema komunitarioen artean, erreferente
Hernanin garatutako eredua nazioartean ere erreferente bihurtzen ari da. Azken hilabeteetan hainbat herrialdetako erakundeek interesa agertu dute Ekhilurren funtzionamendua ezagutzeko eta antzeko sistemak aztertzeko.
Horren adibide da MokumPay egitasmoa. Europako hainbat eredutan —tartean Ekhilurren— inspiratutako tokiko ordainketa sistema berria datozen hilabeteetan jarriko dute martxan Nieuw-West barrutian, Amsterdam hirian, 150.000 biztanle inguruko eremuan.
Urteko batzarra, ekainaren 19an
Kooperatibatko bazkideei 2025eko memoria eta hemendik aurrerako plangintza eta aurrekontua aurkezteko, urteko ohiko batzar orokorra egingo dute ekainaren 19an, ostirala. Biteri kultur etxean izango da, 17:00tan.
- Eguna: ekainaren 19, ostirala
- Ordua: 17:00tan.
- Lekua: Biteri kultur etxean.

