Arrakastaz hasi dituzte ‘Bizilagunen egunak’ Karabelen eta Elizatxon

Zaintza

Herrian zaintza komunitarioak sustatzeko elkarlanean ari dira Eltzekoa herritar taldea eta auzotarrak.

Ikasturte honetan zehar antolatu ditu Eltzekoak Auzozainen topaketak, auzora begirako ekintzak diseinatzeko bertaratutako herritarrekin batera. Lanketa horren fruitu dira ‘Bizilagunen egunak’, auzo bakoitzera egokitutako ospakizunak, komunitatea erdigunean jartzeko helburuarekin.

Ekainean egin dituzte lehen hitzorduak, Karabelen (ekainaren 7an) eta Elizatxon (ekainaren 19an). Uztailean, Antziolako auzotarren txanda izango da: hilaren 10ean San Kristobal eguna ospatuko dute, egun osoko egitarauarekin.