Behatoki ibiltariaren bidez, Hernaniko auzoetan etxebizitza hutsen egoera aztergai

Etxebizitza

Etxegurako kideen oharra:

“Azken lau asteotan, Etxebizitza Behatokiko eta Etxegura elkarteko kideak Hernaniko hainbat auzotan ibili gara etxebizitza hutsen inguruko lanketa egiten. Dinamika horren baitan, Etxebizitza Behatokia bere ohiko kokalekutik atera eta ibiltari jardun da, herritarrengana eta auzoetara zuzenean hurbilduz. Horrela, herriko hainbat auzotan izan gara, besteak beste, Erdigunean, Antziolan, Portun eta Florida-Etxeberrin, auzo bakoitzeko errealitatea bertatik bertara ezagutzeko eta herritarrekin partekatzeko. Etxebizitzarena bezalako gai bat herritarrekin batera lantzea eta prozesu horretan haien parte-hartze aktiboa sustatzea baita funtsa.
Azterketarako eta auzoetako datuak eskuratzeko erabilitako irizpideen arabera, auzo bakoitzean identifikatu diren etxebizitza huts kopurua jakinarazi da. Lanketa horretarako hartutako irizpideak, batetik, kontsumo minimoa edo kontsumorik ez duten etxebizitzak izan dira, eta bestetik, erroldatutako biztanlerik ez duten etxebizitzak. Irizpide horiek oinarri hartuta, auzoz auzoko etxebizitza hutsen kopuruak identifikatu, jaso eta helarazi da. Erdigunean 160 etxebizitza huts identifikatu dira, Antziola auzoan 116, Portun 46 eta 119 Florida-Etxeberrin.

Ekimenaren helburu nagusia auzoetara datu eta zifra bertakotuak eramatea izan da, herritarrekin batera egoera aztertzeko, hausnarketarako guneak sortzeko eta etxebizitzaren inguruko lanketa kolektiboa sustatzeko. Bestalde, etxebizitza hutsen mobilizazioa lehenetsi nahi izan dugu. Izan ere, uste dugu erabilerarik gabe dauden etxebizitzak biziberritzeak aukera emango lukeela hernaniar gehiagok herrian bertan beren bizi-proiektua garatzeko eta etxebizitza eskuratzeko egun dauden zailtasunei erantzuten laguntzeko.
Etxebizitza Behatokitik eta Etxeguratik, Behatoki Ibiltariaren dinamikarekin etxebizitzaren funtzio sozialean egin nahi izan dugu azpimarra berezia.

Nabarmendu nahi izan dugu etxebizitza ez dela merkatu-logikaren arabera ulertu beharreko ondasun bat, oinarrizko eskubide soziala eta bizitza duina bermatzeko ezinbesteko baliabidea dela. Hortaz, azpimarratu nahi izan dugu hutsik mantentzen diren etxebizitzek eragin zuzena dutela etxebizitza eskuratzeko zailtasunetan eta herritarren bizi-baldintzetan, eta era horretan, etxebizitzak duen oinarrizko funtzioa ez dela betetzen. Ildo horretan, funtsezkotzat jotzen dugu etxebizitzaren funtzio soziala bermatzeko ezinbestekoa dela eragile sozialen eta herritarren arteko lankidetza. Horregatik, auzoz auzo egin ditugun lanketek ez du soilik diagnostikoa bilatu, baizik eta elkarrizketa soziala sustatu eta konponbide partekatuak eraikitzeko oinarriak ezartzea izan dute xede”.