Asteartean, maiatzaren 28an, urteko Batzar Orokorra egin zuen Enherkomek Sandiusterrin. Bertan, kooperatibako 35 bazkide inguruk hartu zuten parte; azaldutakoekin, 2023 urteko jardueren errepasoa egiteaz gain, 2024 urterako Kudeaketa Plana onartu zuten.
Pasa den urteko balorazioarekin herri proiektu hauek egingarriak direla ikusi da.
2024ari begira, hiru lan lerro nagusi azaldu zituzten; batetik, kooperatibaren egitura formala egonkortu eta baliabide propioak erabaki-organoekin eta lantaldeekin lotuko dituen egitura informala gauzatzeko helburua azaldu zuten; bestalde, autokontsumo kolektiboko ekoizpen proiektuek duten garrantzia azpimarratu zuten, eta martxan dauden eta aurreikusten diren proiektuekin egin beharreko urratsak adostu zituzten; azkenik, aurten emango diren aholkularitza zerbitzuen inguruan ere azalpenak eman zituzten.
Ekainak 6, Energia Komunitateen proiektu egingarriak aldarrikatzeko aukeratutako eguna
Datorren ostegunean, ekainak 6, egingo da Hernaniko autokontsumo partekaturako lehen instalazioaren inaugurazioa, Zubipen. Hala ere, instalazioaren inaugurazioa egiteaz gain, aldarrikatu nahi dute energia berriztagarrien komunitateek egunerokoan eragiteko duten gaitasuna. Hots, merkatuaren logikatik kanpo, energiaren kudeaketa herritarren esku egon behar dela; eredu energetikoa errotik aldatu behar dela; eta, finean, burujabetza irizpidea aintzat hartuta pentsatuz gero, komunitateek izan behar dutela ezinbesteko agente etorkizunean.
Hori dela eta, hernaniar guztiak gonbidatu dituzte Zubipeko agerraldira. Argazkia aterako da bertako plakekin, eta mugarri bat jarri nahi dute, etorkizunean etorriko diren proiektuetarako.
Anima zaitez!