Aurreko ostiralean, ekainak 14, egin zen Burujabetzen Kontseiluako 2024ko III. Batzarra. Hainbat puntu izan ziren mahaigainean, eta 2024 urtean orain arte egindako bidearen errepasoa egiteaz gain, 2025 urtera begira Kontseiluak eta Hernani Burujabek izango dituzten erronkei begira ere jarri ziren bertaratutakoak.
Hasieran, Hernani Burujaben parte hartzen duten sektoreak zertan ari diren azaltzeko tartea hartu zuten; batetik, egin dituzten ekintzen balorazioa, eta bestetik aurrera begira zer duten aurreikusita. Horri tiraka, talde bakoitzaren egoeraren inguruan hitz egin zen, norberak dituen ezinegon eta zailtasunei ikuspegi integral bat emateko helburuarekin.
Ondoren, Burujabetzen Kontseiluak oinarri duen planifikazio prozesuan egin den auzo biraren inguruko balorazio bat egin zen, eta hainbat gako garrantzitsu azpimarratu ziren: batetik, Hernani Burujaberen izaera komunitario eta herritarrean sakontzeko balio izan duela; bestetik, bilera horietatik ateratako ondorioak izan behar direla hurrengo ikasturterako planifikazioaren funtsa; eta, azkenik, sortutako harreman sarearekin elkarlana sustatu behar dela aurrerantzean, besteak beste.
Jarraitzeko, eta kontuan izanik Burujabetzen Kontseilua 2024 urtean proba fase batean dagoela, Burujabetzen Kontseiluko barne kohesioan eta hori osatzen duten esparruen arautzea emateko fase bat irekitzea adostu zen; epe jakin batzuk markatu ziren, aurten, egoerak hala eskatuta, moldatzen joan diren egitura eta epealdiak behin betiko definitzeko.
Komunikazioak ere izan zuen bere tartea. Hala, azken denboran burututako kanpainaren inguruko iritziak jaso ziren, eta barne zein kanpo komunikazioa hobetzeko emandako aldaketen ingurukoak ere bai.
Azken batean, aipatu moduan, egindakoa eta egiteke dagoenaren inguruko gogoeta kolektiboa egiteko balio izan zuen. Horrekin batera, 2025eko aurrekontuak onartzeko data jarri zen, horien arabera izango baitu sektore bakoitzak planifikazioa osatzeko aukera. Aurrekontuak udazkenean onartzeko asmoa dauka Burujabetzen Kontseiluak. Lehen aldiz onartuko ditu modu horretan aurrekontuak Hernani Burujabek, hau da, sektore guztien parte hartze eta oniritziarekin.
Hortaz, Burujabetzen Kontseilua egonkortzeko eta formalizatzeko beste urrats bat eman zen, orain artekoa baloratzearekin batera.
Badugu lana egiteko, eta horretan gara!