Udaberriko Eltzekadak amaitu egin dira, eta haiei buruzko balorazioa egin dute Hernani Burujabeko Zaintza Mahaiko kideek. “Pozez esan dezakegu espektatibak gainditu egin direla”.
Lau Eltzekada egin dira udaberrian zehar: Elizatxon, Zikuñagan, Etxeberrin eta Antziolan. Horietako bakoitzean 30 eta 60 lagun artean batu dela jakinarazi dute antolatzaileek, eta, beraz, xedea bete egin dela. Izan ere, ekintzen helburuetako bat izan da bizilagunen arteko topaketak sustatzea eta elkar topatzeko espazio bat eskaintzea. “Honek beste bide bat irekitzeko aukera ematen du: auzoetan ekintza gehiago egiteko motibazioa eta hori lortzeko lehenengo urratsak ematea”.
Zaintza mahaiko kideek eta Eltzekadetako sustatzaileek eskerrak eman dizkiete ekintzak aurrera eramateko beharrezkoak izan diren auzoetako eragile eta norbanakoei.