Ikasturte berria hasteko auzolanean Urumeako erriberen garbiketa bat antolatuko da hirugarren urtez jarraian. Udalak azpiegiturarekin lagunduko du eta biltzen den hondakinen kudeaketaz arduratuko da. Iaz 369 kg zabor jaso ziren.
Garbiketa Hernani egingo da, Erriberatxiki eta Zubiondo inguruan. Edonorentzat auzolanean modu erosoan aritzeko gune bat aukeratu da garbiketarako, sarbide egokiekin.
Ibaiaren erriberetan zaborraz gain ingurumena kaltetzen duen beste arazo garrantzitsu bati helduko diogu: landare inbaditzaileak. Horren inguruan, Jon Zulaika adituaren azalpenak entzuteko aukera izango da.
Edonork har dezake parte. Bertaratzeko asmoa izanez gero, eskertuko da aurretik jakinaraztea info@sagarreta.eus helbidera mezua bidalita. Norberak aldatzeko arropa eta oinetako egokiak ekarri beharko ditu. Gainontzeko materiala, eskularruak, poltsak, erramintak … bertan izango da.
Larunbat honetarako, irailak 21, egin dute deia. 9:30ean elkartuko dira Landare errugbi zelaiaren aurrean, handik ibaialdera abiatzeko.