Publifikatutako lurrak nola kudeatu aztertzen ari da Bioaniztasun sektorea

Bioaniztasuna

Plangintza egina dute inguruak naturalizatzen jarraitzeko eta baso lurrak publifikatzeko. Katamotzarriko lurrak erosi ditu jada Udalak, eta orain lur horien kudeaketa egiteko hausnarketa aurreikusten du sektoreak.

Urri hasieran egindako batzarrean, sektorearen orain arteko errepasoa egin eta aurrera begira ere jarri dira. Hori guztia auzotarrekin harremanean egin nahi dute, ahal den neurrian elkarlana sustatuz. Aurten Hernani Burujabe auzoetara hurbildu da auzotarren proposamenak jasotzeko, eta bioaniztasunaren sektorea horiek lantzen ari da.

Gainera, herritarren proposamenak eta Sagarretaren helburuak noranzko berean doaz, beraz, ari dira horretan lanean.

Horrez gain, Hernaniko zuhaitz eta landarediaren liburua osatzen ari da natur taldea. Herriko 100 zuhaitz esanguratsu identifikatu dituzte. Datorren urteari begira, argitalpena prest izatea eta zabaltzen hastea espero dute.

Ikasturte hasiera emankorra izan da Sagarreta Natur Taldearentzat. Ibai garbiketa egin zuten irailean udalarekin lankidetzan, eta ia 400kg zabor atera zituzten auzolanean Urumea ibaitik. Urrian, bestetik, hazi bilketa egin dute, Zuhaitz Mintegian lantzeko.

Urtebete da Burujabetzen Etxearen atzealdean Sagarreta Natur Taldeak Zuhaitz Mintegia martxan jarri zuenetik. Joan den azaroan, 2.700 hazi baino gehiago erein zituzten bertan auzolanean. Gainera, herriko gazteenekin elkarlanean ari dira. Hernaniko ikastetxeetako 180 haur hurbildu dira aurten Zuhaitz Mintegira, jada ereindako haziak zaintzera eta berriak landatzera. Aurrera egiten duten zuhaitzak gero basora eramatea da asmoa, bertako basoak sustatzeko helburuarekin.

Izan ere, sentsibilizazio lanak garrantzitsuak dira bioaniztasun sektorerako. Herritarren kontzientzia piztea interesatzen zaie. Horretarako baliatu zuten maiatzeko Bioaniztasunaren astea, maiatzaren 22a Biodibertsitatearen Nazioarteko Eguna zela aprobetxatuz.

Udalarekin modu bateratuan antolatu zen egitarauan, familientzako tailerrak, hitzaldiak, eta BiodiBertso ibilbidea egin ziren, besteak beste. Horrela, aukera izan zuten landare inbaditzaileen gaia edota Urumea ibaiaren gaur egungo egoera herriratzeko.

BiodiBertso ekitaldia ere bazen programazioaren tentazioetako bat. Kaxkoan barrena ibili ziren, hainbat txokotan jarritako panel informatiboetan geldialdiak eginez. Hala, IƱaki Sanz-Azkue biologoak eta Maialen Lujanbio eta Unai Agirre bertsolariek azalpen zientifikoak eta bertso bidezkoak eman zituzten.