Hernaniko lurretan eraiki nahi dituzten parke eolikoak ez dira onargarriak. Horrela ez.

Hernani eta Urumea bailaran eraiki nahi dituzten parke eolikoen harira, honako irakurketa hau egin nahi du Hernani Burujabek, lehenik eta behin argituz, testu honetan aipatuko diren arrazoiengatik, proiektuak ez zaizkiola onargarriak iruditzen.

Klima larrialdi egoeran gaude, bioaniztasun galera eta ondare naturalaren kaltetzea atzera ezinezko prozesu batean sartuak daude eta deskarbonizazioa bultzatzeko neurriak hartu behar ditugu. Energia fosilak ordezkatzeko iturri berriztagarrien aldeko apustua egin behar dugu.

EH-k menpekotasun energetiko oso handia du (EAE-k %90koa). Energia kanpotik ekartzen dugu eta batez ere energia fosiletan oinarritua dago.

Hernanik ere kontsumitzen duen energiaren oso zati txikia sortzen du. Horrek esan nahi du burujabetzatik oso urrun gaudela, eta, beraz, energia bertan sortzeko apustuak egin behar ditugula. Izan ere, Hernanira energia ekartzeko hura sortzen den beste leku batzuk daudela, eta haietan ondorioak sortzen direla. Edozein kasutan, arpilatzean eta xahuketan oinarritzen den sistema honekin ezin dugu jarraitu, gure planetak jasan ditzakeen marra gorriak gainditzen ari gara eta. Desazkundera jo beharra dugu.

Berriztagarrien aldeko apustua eginda ere, energia sortzeko proiektuez inguratuta egon nahi ez badugu, desazkundea ezinbestekoa da. Gure planetak eman diezagukeena baina askoz gehiago xahutzen dugu.

Hori hala izanik ere, energia sortzea beharrezkoa izango da, eta iturri horien gaineko burujabetza ahalik eta handiena izatea. Burujabetza da guk kontsumitzen dugun energia guk geuk sortzea. Horretarako, energia komunitateak, Hernanin dugun Enherkom bezalakoak, beharrezkoak ditugu, baina sektore publikoaren inplikazioa ere ezinbestekoa izango da.

Hori dena esanda, kontuan hartu behar da Hernanin eta Urumea bailaran instalatu nahi dituzten zentral eolikoek ezaugarri batzuk dituztela:

-Ez datoz lurralde antolaketa baten arabera edo plangintza publiko baten arabera. Areago, oraingoz aurkeztu diren dokumentuen arabera, Eusko Jaurlaritza egiten ari den Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak jasotzen dituen instalazio eolikoetarako balizko kokalekurik ez dago Hernanin eta Urumea bailaran.

-Instalazioen kokalekua erabakitzeko garaian, efizientzia energetikoaren izenean proiektuen errentagarritasun ekonomikoa jartzen da gure mendien aberastasun natural eta arkeologikoaren gainetik. Kasu honetan, ikuspuntu horietatik balio handia duten eremuetan eragingo lukete proiektuek eta herritarrek ez dute aukerarik izan eztabaidatzeko ere, proposamenak mahai gaineratu aurretik. Ondoren egiten dira ingurumen inpaktuaren azterketak, legeak behartuta.

-Ezagutzen ditugun multinazional energetikoen eskutik datoz proiektuak eta enpresentzat ez da lehentasuna faktore horien arteko oreka bermatzea, beraien irabazi tasak handitzea baizik.

-Zenbait kasutan, badakigu, jakin, euren lan esparrua energia fosiletan dagoela batez ere, eta, beraz, energia fosilak berriztagarriekin ordezkatzea baino gehiago, berriztagarriekin negozio bolumena handitzea eta irabazi handiagoak lortzea dute helburu.

Proiektu eolikoak aurrera eramateko ezinbestekoa iruditzen zaigu proiektuak herritarrekin eta eragile publikoekin batera lantzea. Kasu honetan, eta aurrera begira enpresek izan ditzaketen asmoak zein diren guztiz jakin gabe ere, baldintza hori ez da betetzen. Herritarrek erabakitzeko aukera izan behar dutelakoan gaude.

Modua bilatu behar da proiektuaren sorreratik bertatik herritarren parte hartzea bermatzeko haren dimentsioan, kokalekuan, diseinuan eta kudeaketan. Zentral eoliko edo berriztagarrien jabetzan ere herritarrek parte hartzeko modua izan behar dute, eta, kasu honetan ez dugu baldintza hori bermatuta ikusten.

Herri honek bidea egin behar du energia berriztagarriak hedatzeko eta energia fosilak baztertzeko, eta Hernani Burujabek ere bere engaiamendua erakutsi nahi du prozesu horretan eragile aktibo moduan jokatzeko. Gure iritziz ordea, Hernaniko lurretan eraiki nahi dituzten parke eolikoek aurrez aipatutako baldintza horiek betetzen ez dituztenez, ez zaizkigu onargarriak iruditzen.