Parke eolikoak Urumea bailaran? Kronika

Proiektu eolikoek iradokitzen dituzten hainbat ertzetara begira jarri ziren ostegunean Alain Arruti, Euskal Herria Bizirik taldeko kidea, eta Aritz Otxandiano, Otxandioko energia komunitateko kidea. Irati Sarasuak dinamizatu zuen mahainguruan, Urumea bailaran egin asmo dituzte parke eolikoen gaia testuinguruan jarri zuten, jendez gainezka egin zuen Hernaniko Sandiusterriko aretoan.

Ortzi-mugan bat egin zuten bi hizlariek: krisi klimatikoari erantzuna ematea da urgentziazko helburua. Baina bide ezberdinak hartu zituzten, ordea, helburura begiratzeko orduan.

Otxandianok energia iturri berriztagarrietarako trantsizio beharra azpimarratu du, baina ez “edozein baldintzapean”. Defendatu zuen trantsizio energetikoa ari dela bere fruituak ematen: “Energia iturri berriztagarri bakoitzak ordezkatu egiten du iturri fosil bat”. Nafarroan, adibidez, berriztagarriei esker kontsumitzen den energia gehiena bertan ekoizten dela aipatu zuen.

Baldintzei dagokienez, argi utzi nahi izan zuen herritarrek hasiera batetik izan behar dutela erabakitzeko ahalmena prozesu hauetan, eta horretarako elkarrizketa abiatu behar dela.

Horren harira, Otxandianok erreferentzia egin zion proiektu eolikoek hartzen duten kokapenari, eta nabarmendu funtsezkoa dela bioaniztasuna aztertuko duen diagnostiko baten arabera jokatzea. “Otxandio ingururako aurkeztu zituzten proiektuetan, adibidez, nabari zen enpresa ez zela bertara hurbildu ere egin. Eoliko bat pagadi baten erdian jarri nahi zuten”.

Arrutik, ordea, ez du argi ikusten zenbaterainoko transzendentzia izan dezaketen proiektu eoliko lokalek, eskala unibertsala duen krisi klimatikoaren aurrean. Ez du bideragarri ikusten proiektu eolikoei baiezkoa ematea, estrukturazko plangintza estrategikorik gabe.

Gaineratu zuen estrategia hori politikoa izan behar dela, produkzioa planifikatuko duena, eta ez horrenbeste energetikoa. “Duela gutxira arte lurraren tenperatura ezin zen 1,5 gradu baino gehiago igo; orain, ikusi da ez dugula helburua beteko. Ez dago borondate politiko nahikorik”.

EH Bizirik taldeko kideak ere hizpide izan zituen enpresa multinazionalek herriratzeko dituzten metodoak, eta Urolako kasua ekarri du gogora. Elkarrizketak abiatu ziren Piaspe proiektu eolikoan, baina behin herritarrek ezezkoa emanda ere, botere ekonomikoek ahaleginak eta bi egin zituztela eolikoekin aurrera egiteko, Arrutik esan zuenez: “Herritarrek ez dugu ezer exijitzeko ahalmen errealik”.

Txikitik handira, ala aldrebes

Bien ahotan izan zen desazkunde kontzeptua. Bioahalmenaren gainetik bizi den gizarte honi frenoa jarri behar zaiola uste dute biek.

Otxandianok dei egin zion herritarren inplikazioari, eta galdera bota zuen: “Zeri uko egiteko prest gaude?”. Modu berean, ekimen politikoen garrantzia nabarmendu zuen: esaterako, garraio publikoa indartzeko politikak.

Arrutik ez zuen solaskidearekin bat egin puntu honetan, begirada orokortasunera altxa behar delako ideia berretsi zuen: “Inplikazio lokalak behar dira, baina eskala orokorrari begira jarri behar gara”. Horren adibide moduan aipatu zuen nola AEBetako Defentsa Ministerioak berak bakarrik hainbat herrialdek baino gehiago kutsatzen duela.

Mahaingurua amaitze aldera, burujabetzari keinu egin zioten. Bien ustez kontzeptu gakoetako bat da energia burujabetza edozein lurralderentzat.

Arrutiren ustez, kasu honetan ere, burujabetza terminoak politikotik gehiago du energetikotik baino. “Multinazionalekin burujabetza gutxi dago; modu kolektiboan erantzun behar diegu. Gakoa ez dira komunitate ekonomikoak, baizik eta antolakuntza politikoa”.

Otxandianok, ordea, uste du komunitateen bidez lortu daitekeela hein batean merkatu logikatik kanpo jokatzea. Hala ere, trantsizioak exijitzen duen inbertsioa tarteko, uste du beharrezkoak direla enpresa sustatzaileak: “Probokatu behar dena da ahalik eta jabetzarik handiena kentzea multinazionalei”.