Ikasten eta eragiten jarraitzeko prest da Hernani Burujabe

Orokorra

Sentipen ona eta harrotasuna nagusitu zen Sandiusterriko aretoan, joan den ostiralean egindako batzar orokorrean. Urteroko legez, Hernani Burujabek herritarrekin partekatu nahi izan ditu ekimenaren garapena eta datorren urterako asmoak. Eta beste urte batez, bertaratu zirenek jarri dute jakin mina eta txalo zaparrada.

Hasteko, hiru erpinetako ordezkari bana arduratu zen Hernani Burujabe aurkeztu eta testuinguruan kokatzeaz. Hala, azaldu zuten nola planifikazio prozesua jarri den abian, zeinak sistematizatu egin asmo dituen erabakitze prozesuak, herritarren parte hartzea, proiektu burujabe garatuak zein berriak, eta abar. Finean, herrian bizitzeko modu berri bat planifikatzeko prozesuan barneratu da.

Hernani Burujaberen aterkipean hainbat sektorek garatuta dute beren bidea; horietako batzuen zertzeladak plazaratu zituzten batzarrean: elikadura, energia, zaintza, bioaniztasuna, etxebizitza eta merkataritza.

Elikaduran, esaterako, nabarmendu zuten aurten nekazaritza eskola eta transformazio zentroa kontsolidatu egin direla. Datorren urterako, proiektuen artean daukate, besteak beste, lurren erosketa eta gerriko agroekologikoa.

Energia sektoreko ordezkariak aipatu zuen 400 familia pasa direla Energia Bulegotik, eta gutxi gorabehera 300.000 euro aurreztu dituzte aholkuei esker. 2025ari begira, martxan dauden proiektuekin jarraituko dute, hala nola, instalazio fotovoltaiko partekatuekin.

Zaintza sektorea lehentasunezko sektoreetako bat da, eta bilakaera handia izan du. Adibidez, Auzozaintza programa geroz eta auzo gehiagotara zabaltzen ari da, eta onurak bistaratzen ari dira. Hemendik aurrerako erronka da “auzozain” figura indartzea, alegia, inguruko pertsonen zaintzan parte hartzeko prest dauden auzotarrak identifikatzea.

Bioaniztasunari dagokionez, eragile zein herritarrek erreka garbiketa zein hazi bilketa burutu dituzte, eta eskolekin formakuntza saioak egin dituzte. Esku artean dute baita ere Ave Maria parkeko urmaela, eta Katamotzarrin udalak eskuratutako 69 baso lur hektarea kudeatzea.

Etxebizitza sektorearen baitan aurten hartu du forma Etxegura elkarteak, eta lehen pausoak ematen hasi da. Batetik, Hernanin 800 etxe huts baino gehiago daudela salatzeko kanpaina egin dute; eta, bestetik, Jabe Solidarioen Sarea osatzeko herritarrekin harremanetan jartzen hasiak dira, itun sozial bat sinatzeko helburuarekin. Iragarri dute otsailaren 6an etxebizitza eredu kooperatiboak ezagutzeko jardunaldiak antolatuko dituztela.

Azkenik, merkataritza alorrean Ekhilur ordainketa sistemak adierazle esanguratsuak eman ditu aurten. Esate baterako, 130 saltoki baino gehiago egin dira sistemaren parte, eta 1.500 erabiltzaile inguru ditu. 100.000 salerosketa baino gehiagorako erabili da ekhi moneta, eta orotara 2 milioi euro inguru mugiarazi ditu.

Egindako lana ospatzeko

Batzarrak balio izan zuen, halaber, urte osoko lana aitortu, balioa eman eta honetan ari direnei eskerrak emateko. Lan horren testigu izan da Bira produkzioak taldekideen kamera, eta irudien bildumei begira egon ziren batzarrera bertaratutakoak.

Ikuspuntuak eta balorazioak partekatu ere egin ziren, nahiko modu berritzailean egin ere: boto telematikoaren bidez, jendeak balioa eman zion Hernani Burujaberen proposamen eraldatzaileari eta gauzatutako proiektu errealei. Bestalde, herritarren parte hartzea indartzeko beharra ikusi zen, eta horretarako baliabideak eta formazioa ematekoa.

Hernani Burujabek badu erreferentzialtasuna hemendik kanpo. Inguruko herri batzuk hona begira daude beren prozesuak abiatzeko bidean, eta urrutira ere iritsi da oihartzuna. Bidelagun batzuk babesa adierazi nahi izan zuten bideo bidez eta, horrela, batzarraren parte izan ziren Oiartzungo, Kataluniako, Artiedako, Cadizko eta Venezuelako eragileak ere.

Urte amaiera garaiko ospakizun ohiturari jarraiki, harrotasunez bete zen aretoa, eta festa jarraitzeko gogoz geratu zirenak afalorduan elkartu ziren mahaiaren bueltan.

Hortaz, aurten ikasitakoarekin, lortutakoarekin, jasotakoarekin, Hernani Burujabe prest da urte berriari ongi etorria emateko.