Sektoreetako batzar irekiak

Orokorra

Behin auzo eta elkarte batzarrak amaituta, Hernani Burujaberen sektoreen gida-lerroak diseinatzeko ordua da. Horretarako, maiatzaren 16 eta 17an sektoreetako batzar irekiak egingo ditugu, auzotarren behar eta interesak zeintzuk diren mahai gaineratu eta, horren gainean, proiektu posibleak irudikatzeko.

Hernani Burujabek herriko baliabideak kudeatzeko planifikazio komunitarioa eskaintzen du. Horregatik, batzar irekien helburua da sektore ekonomikoek datorren ikasturtean jarraituko duten plangintza herritarrekin batera diseinatzea.

Bi txandatan egingo dira lanketak: ostiral arratsaldean, maiatzak 16, Etxebizitza, Bioaniztasuna eta Energia sektoreen bueltan bilduko gara; larunbat goizean, berriz, maiatzak 17, Elikadura, Moneta eta Zaintza sektoreak izango ditugu hizpide.

Batzarrotan auzoetan jasotako ekarpenak partekatuko ditugu, baita galdetegi telematikoan jasotako proposamenak ere. Era telematikoan parte hartzeko aukera irekita dago maiatzaren 15era bitartean, Hernani Burujaberen webgunean dagoen estekan.