Aurtengo Merkataritza Festak elikadura burujabetza izango du ardatz. Irailaren 9tik 12ra tailerrak, mahai-inguruak, bertako produktuen azoka, kale animazioa eta bertako produktuen
pintxo-potea izango dira herriko kale eta establezimenduetan.
Gure lurra, gure jatekoa izango da aurtengo Merkataritza Festaren leloa, eta Hernaniko Merkataritza Mahaia (Udalak, Berriak elkarteak eta Ekhilurrek osatua) eta Hernani Burujabeko
Elikadura Mahaia (Udalak, HENASEk, Herrilurrek eta Bertatik-ek osatua) elkarlanean ariko dira.
Aurkezpenean, Patxi Ibarguren Merkataritza eta Tokiko Garapeneko zinegotzia; Nagore Alvarez, Berriak elkarteko lehendakaria; Alex Lopez, Ekhilurreko dinamizatzailea eta Oihana
Aristegi, Hernani Burujabeko Elikadura Mahaiko kidea izan dira.
“Hernaniko eta inguruko herritarrak gonbidatu nahi ditugu antolatu ditugun ekintzetan parte hartzera. Tokiko merkataritza zaintzen badugu, denok irabazten baitugu”.
Merkataritza Mahaiaren eta Elikadura Mahaiaren arteko lankidetza, “eragileen sarea indartzeko, proiektuak ezagutarazteko eta eragileen lana balioan jartzeko ona”
Patxi Ibarguren zinegotziak kokatu du aurtengo gaia: “Aurtengoa bigarren Merkataritza Festa tematikoa izango da. Hernani Burujabeko Elikadura Mahaitik proposamena jaso genuen eta
ilusioz hartu dugu elkarrekin lan egiteko ideia”.
Ibargurenek dionez, “lankidetzan aritzea beti ondo dago. Festa honekin eragileen sarea indartzen dugu, proiektuak ezagutarazten ditugu eta sektoreko eragileek egindako lana balioan
jartzen dugu jendaurrean. Aurtengo kasuan, elikadura eta lehenengo sektorea erdigunean jarri eta azken urteetan eremu horretan Hernanin ematen ari garen pausoak erakusteko balioko du”.
Nagore Alvarez Berriak elkarteko lehendakariak adierazi duenez, “Merkataritza Festa bezalako ekimenek gure negozioei ikusgarritasuna emateaz gain gure komunitatearekiko lotura
indartzen dute: merkataritza txikia ez da salmenta-gune hutsa, herriko eguneroko bizitzaren parte gara. Hernanik nortasuna, kaleko bizitza eta harreman pertsonalak izaten jarrai dezan
laguntzen dugu”.
Berriak-etik adierazi dutenez, 67 establezimenduk parte hartuko dute era aktiboan aurtengo Merkataritza Festan.
Hausnarketarako tartea, elikadura burujabetzari buruzko mahai-inguruan
Hernani Burujabeko Elikadura Mahaiaren izenean Oihana Aristegik hartu du hitza. “Merkataritza Festa honetan erakutsi nahi dugu herrian bertan ekoitzi, eraldatu, saldu eta kontsumitzen diren produktuak baditugula”. Aristegik azaldu du lehen sektorea indartu, balio kate osoa bertan landu eta tokiko produktuen kontsumoa sustatzea direla Elikadura Mahaiaren helburu nagusiak. “Gainera, elikadura katean formakuntza sustatu eta lanpostuak sortu ditugu”.
Hernani Burujabeko Elikadura Mahaia Udalak, nekazal ekoizleek (HENASE), kontsumo elkarteak (Herrilur) eta, eraldaketa eta gizarteratze eragileek (Bertatik Elikatuz) osatzen dute. “Sare sendoa” dela baieztatu du Aristegik.
Mahai-ingurua ere burujabetzarekin erabat lotua izango da. Gure lurra, gure jatekoa. Elikadura burujabetzaruntz izenburupean, Uxue Amonarriz Perrapa baserriko ekoizlea, Alazne
Intxauspe Etxalde mugimenduko kide eta ekoizlea, Beñat San Sebastian Errioguardako sukaldaria eta, Amanda Verrone ekintzaile ekofeminista eta Nekazaritza eta Ingurumen
zuzenbideko ikertzailea ariko dira solasean. Aritz Ganboa artzain eta ekintzaileak moderatuko du saioa. Irailaren 11n, osteguna, Sandiusterrin izango da.
“Jendea gonbidatuko nuke pentsatzera ea zer kontsumitzen dugun, non erosten dugun
eta herriko ekoizleen lanaren garrantziaren inguruan”, gaineratu du Patxi Ibarguren zinegotziak.
Ostirala, Merkataritza Festaren egun handia
Egun garrantzitsuena hilaren 12a, ostirala, izango da. Gainera, Hartu kalea! ostirala ere izango da: Kaxkoa trafikoarentzako itxita egongo da 10etatik aurrera. Egun horretan, herriko
establezimenduek euren produktuak kalera atera eta ingurua apainduko dute.
Bertako produktuen azoka Plaza Berrian izango da. 17 postu egongo dira: eztia (Aikur eta Ibai Ormaetxea), esnekiak (Larreta), gaztak (Behieko eta Berbelar), pasta (Zituene),
sagarrak (Iradi), haragia (Perrapa), barazkiak (Arriatzu, Herrilur eta Nekazal Eskola), kontserbak (OnEin), izozkiak (Leizuri), belardenda (Goxo), liburuak (Argia) eta Hernani Burujaberen informazio puntua. Jakoba Errekondo bertan egongo da.
Egun horretan, Urbieta kaleko oinezkoen gunean Zigor Iturrieta sukaldariaren showcooking saioa ikusteko aukera izango da. Arratsaldean, tailerrak izango dira Urbieta kaleko gune horretan: askari osasuntsuak Elikuren eskutik (familientzat) eta sagar dastaketa, Zabalo- enea baserriko Manuel eta Maddi Iradirekin. Kuia kafean ere kafeari onena ateratzeko “In kafea zure etxean” tailerra izango da.
Tailerrak bukatutakoan, Mogumborekin kale animazioa izango da Kaxkoko kaleetan eta bertako produktuekin pintxo-potea egiteko aukera ere izango da zortzi tabernatan: Andrekale
21; Aralar; Atxur; Ekos; Goiz Eguzki; Haida; Harresi eta Joxe Mari.
Hobariak eta tailerrak
Merkataritza Festako ostiralean, izena eman duten establezimenduetan %5 eta %3ko hobaria izango dute Ekhilurrekin ordaintzen duten erosleek.
Horiez gain, hitzaldi eta tailerretan parte hartzen duten herritarrek oparitxoa izango dutela ere iragarri dute.
Izan ere, ostiralekoez gain, beste bi tailer izango dira: elikadura jasangarriari buruzkoa Goxo belardendaren eskutik eta fruta-kontserba begetalen tailer praktikoa, OnEin Kontserbaken
eskutik. Tailer hau Bertatik Elikatuzen egoitzan egingo da eta aurretik, Bertatik Elikatuz ezagutzeko bisita gidatua izango da.
Tailer hauetan eta Kuiakoan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da.
Iñigo Diez fruta-dendari eta Berriak-i egindako ekarpenarengatik, Tomas de Diego eta Dami Morianari omenaldia
Merkataritza Festa urtero baliatzen da Hernaniko merkatari eta ostalariei aitortza egiteko. Horregatik, aurtengoan ere izango dira omenaldiak. Iñigo Diez fruta-denda izango da omenduetako bat, 75 urte bete baititu establezimenduak.
Horiez gain, Berriak elkartearen ibilbidean funtsezkoak izan diren bi lagun omenduko dira: Tomas de Diego eta eta Dami Moriana. Antziola okindegiko arduradun De Diego 15 urte
baino gehiagoz izan da Berriak elkarteko presidentea. Hoki lenceria dendako Moriana, berriz, elkartearen sortzaileetakoa izan zen eta batzordean urte luzez lanean aritu da.
EGITARAUA:
Irailak 9, asteartea:
18:00. Tailerra: Elikadura jasangarria. Goxo belardenda. Berriak-en egoitzan.
Izena emateko: 688 758 683
Irailak 10, asteazkena:
15:00: Bisita gidatua: Bertatik Elikatuz.
16:00-20:00. Tailer praktikoa: Fruta-kontserba begetalak. Goxo belardenda. Bertatik Elikatuz-en
egoitzan (Ibaiondo poligonoa, 10).
Izena emateko: Herrilur dendan (Ispizua, 13) edo https://forms.office.com/e/e17DMaBsR6
Irailak 11, osteguna:
19:00. Mahai-ingurua: ‘Gure lurra, gure jatekoa. Elikadura burujabetzaruntz’
– Alazne Intxauspe. Etxalde mugimenduko kidea eta ekoizlea.
– Uxue Amonarriz. Perrapa baserriko ekoizlea.
– Beñat San Sebastian. Errioguardako sukaldaria.
– Amanda Verrone. Ekofeminista eta, Nekazaritza eta Ingurumen Zuzenbideko ikertzailea.
Moderatzailea: Aritz Ganboa, artzaina eta ekintzailea.
Irailak 12, ostirala. Hartu kalea!
10:00: Produktuak kalera. Musika eta kale apainketa.
10:00-13:30: Bertako produktuen azoka. Plaza Berrian.
11:00-12:30: Showcooking Zigor Iturrietarakin (Urbieta kaleko oinezko gunean).
13:15: Omenaldia. Berriak-en elkartean.
16:30-17:30: Tailerra: Askari osasuntsuak. Urbieta kaleko oinezko gunean.
17:30-18:30: Tailerra: Sagar dastaketa. Zabalo-eneako Manuel eta Maddi Iradi.Urbieta kaleko
oinezko gunean.
18:00: Egin kafea zure etxean. Kuia kafean.
Izena emateko: Kuia (Andre kalea, 29)
18:30: Kale animazioa: Mogumbo.
19:00: Bertako produktuen pintxo-potea tabernetan.