Aurtengo Burujabetzen Eguna urriaren 25ean izango da

Orokorra

Hernani Burujaberen laugarren urteurrena, eta hirugarren Burujabetzen Eguna. Bizitzarako oinarrizko diren eremuetan negozio egiteari uztea da proiektu honen helburuetako bat, eta emaitza esanguratsuak lortu dira hainbatetan: energia, elikadura, moneta, zaintza, telekomunikazioak, bioaniztasuna eta etxebizitza. Horiek ospatzeko urteroko hitzordua da Burujabetzen Eguna.

Urriaren 25ean egingo da aurten, Plaza Berrin. Aurreko aldietan ez bezala, oraingoan Hernani Burujabeko sektore ekonomikoetako eragileez gain, herriko hainbat eragile eta elkarteek ere hartuko dute plaza. Izan ere, prozesu guzti honetan erdigunean jarri nahi diren balioak dira euskara, feminismoa, antiarrazakeria, justizia soziala eta hezkuntza, eta horietan lanean ari diren herriko hainbat taldek parte hartuko dute Burujabetzen Egunean.

Hortaz, egunari hasiera emateko, 11:30tan, Zapotxin pailazoa postuz postu ibiliko da eragileen aurkezpenak egiteko. Orotara, 19 elkarte elkartuko dira: AEK, Dobera, Burrunba, Amher, Harrotzen, Stop Kaleratzeak, LAB, ELA, Zero Zabor, Gu geok, Enherkom, Herrilur, Henase, EHKom, Etxegura, Ekhilur, Sagarreta, Maitelan eta Auzozaintzako eragileak.

Ondoren, Zaintzaldiari hasiera emango diogu argazki kolektibo baten bidez. Aurten lehen aldiz egingo den ekimena da Zaintzaldia, eta zaintza komunitarioaren inguruan hausnartzeko  helburua du. Parte hartzen duen hori ‘Auzozain’ izango da astebetez, eta auzotarrengan arreta handiagoz jokatzeko konpromisoa hartuko du. Burujabetzen egunean, beraz, 12:30tako argazki kolektiboan parte hartzera gonbidatuta daude Zaintzaldiari babesa eman nahi dioten herritar zein elkarteak.

Hamaiketarako ordua izango da jarraian, trikitilari eta pandero-joleek girotuta, eta 13:15ean Hernani Burujabetik antolatutako argazki lehiaketaren saridunak jakinaraziko ditu epaimahaiak. Hernaniko hainbat eragilek emandako sariak jasoko dituzte.

Egun osoko egitaraua izatea aurreikusten zen arren, arratsaldeko ekintzak bertan behera gelditu dira, Palestinako genozidioa salatzeko manifestazioa antolatu dela-eta, 17:30tan Bilbon. Hortaz, Hernani Burujabetik ere Bilboko manifestaziorako deialdia luzatuko da.