Urriaren 25etik 31era, BADATOR ZAINTZALDIA!

Zaintza

HATOR ELTZETIK BABAK ATERATZERA!

ELKAR ZAINTZEN DUTEN KOMUNITATEAK NAHI DITUGU

Urriaren 25etik 31era, BADATOR ZAINTZALDIA!

ZAINTZALDIA ZERTARAKO?  

Zaintzen duten komunitateak praktikan jarri nahi ditugu, bizilagun sareak indartu. Komunitarearekiko jarrera aldatzeak ze onura ekar dezakeen probatzeko astea izatea nahi dugu.

ZEIN IZANGO DA AUZOZAIN?

Astebetez ardura txiki batzuk hartzera animatzen den bizilaguna izango da.

Animatzen zara? Astebetez AUZOZAIN zinta eramatera gonbidatzen zaitugu.

Horretarako, honako konpromisoak hartzera animatu nahi zaitugu:

  • Bizilagunak agurtzera, izena ikasi eta ezagutzera.
  • Auzoko kaleetatik ibiltzeko denbora hartzera: behatzera, banku batean eseritzera, ekintzetan parte hartzera…
  • Auzoko komertzio txikietan kontsumitzera.
  • Eskertu dezakeen norbaiti laguntza eskaini edo eskatzera.
  • Zaintzaldiko bereizgarria duen auzokide batekin zaintza komunitarioez hitz egitera.

NOLA EMAN IZENA?

Izena emateko herrian zehar jarriko diren postuetan, Kulturarteko plaza feministan edo online egin dezakezu honako helbidean:

Bidali galdetegia – Galdetegiak – Hernani Burujabe – Lainoa

ZAINTZALDIA ZERGATIK?

Zaintza krisi batean gaude. Babesgabetasun egoera larriak ematen ari dira gure herrietan, gaur gaurkoz ez baikara gizartean ditugun zaintza premiei erantzuteko gai. Zaintza erregimen feminizatu, familista eta merkantilista diskriminazio iturri handia da: alde batetik, lan esplotazio eremua bilakatu delako; beste alde batetik, zaindua izateko eskubidea familien gaitasun ekonomikoaren arabera bermatzen delako.

Beraz, egoera hori hobetzeko, zaintzen antolaketa publiko-komunitario batera trantsitatzen saiatzen ari gara, zaintza burujabetza helburu. Lau lan lerro nagusietan antolatu dugu lana. Lehena da gaur egungo etxez etxeko zerbitzua egokitu eta langileen lan baldintzak hobetzeko prozesua; bigarrena, adinekoen bakardade arriskua prebenitu eta sozializatzeko sare publiko komunitarioa, Auzozaintza alegia; hirugarrena zaintzaileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko ildoa, Maitelan kooperatiba sortu, egonkortu eta sektorea duintzeko lerroa, hain zuzen ere.; eta laugarrena zaintza komunitarioaren artikulazioa, Eltzeko talde herritarraren bidez aurrera eramaten ari garena

Zaintzaldiarekin, azken horretan jarri nahi dugu arreta. Instituzio publikoek duten arduraz hitz egiteari utzi gabe, komunitateek ordezkaezinak dituzten bertuteak aitortu nahi ditugu, eta horiek indartzeko apustua egin, indibidualizaziorako joera gailentzen den honetan.

Herritar guztiok ditugun premia sozialen garapenerako eremu nagusia da komunitatea:

  • Etxetik haratago sozializatzeko gunea delako, pertenentzia sentimendua garatu eta bakardadea ekiditeko gakoa delako;
  • Babesgabetasun egoerak hautematen ditu eta kasu gehienetan lehenengo orientabideak gertukoek eskaintzen dizkigutelako;
  • Elkarrekikotasunak eta elkar-babesak, gizatasunak bere baitan duen emateko grina eta zaintza beharrak jasotzeko aukera eskaintzen digulako. Elkarmendekoak garela onartzeko garaia delako.