Enherkom energia komunitateak Burujabetzen Etxean izan ohi du Energia Bulegoa, herritarrek energia kontuez kontsultak egin ditzaten. Tarteka, ordea, lekualdatu egiten dira herritar batzuei erraztasunak emateko asmotan. Oraingo honetan, Goiz Eguzkin izan dira sei egunetan zehar, eta arrakasta izan du zerbitzuak: 41 pertsona artatu dituzte (gehienak emakumezkoak, %61).
Elektrizitate eta gas fakturak aztertu eta herritarrei baldintzak hobetu eta dirua aurrezteko aholkuak ematen dizkiete energia komunitateko kideek. Besteak beste, merkaturatzaile aldaketak proposatzen dituzte. Horrela, guztira, bertaratu diren herritarrek urtean 13.080,10 euro aurreztuko dituztela aurreikusten dute.
Gainera, Enherkomen jardunetako bat da pobrezia energetikoa sufritzen duten herritarrei bidelaguntza eskaintzea, diru laguntzak eskuratu ahal ditzaten. Goiz Eguzkiko saio hauetan hiru bono sozial bideratzea lortu dute.

