Mitxelena kooperatibak aurten ere 15.000 euro eman dizkio Hernani Burujaberi

Orokorra

Mitxelena kooperatibak 15.000 euro bideratu ditu Hernani Burujabe prozesura, IPDK Interes Publikoko Dirulaguntza Kooperatiboaren funtsa baliatuta –kooperatibek euren irabazien %10 interes orokorreko proiektuetara bideratzeko konpromisoa dute–. Bigarren urtez, funts horren zati bat eman diote Hernanin martxan den trantsizio ekosozialerako prozesu honi. 

Halako ekarpenei esker, Hernani Burujabek Elkartasun eta Inbertsiotarako Funts Burujabea sortu du. Izan ere, burujabetzetan oinarritzen diren ekimen ekonomikoek logika merkantila alboratzeko edo gainditzeko helburua duten heinean, askotan zailtasunak eduki ohi dituzte euren bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko. Beraz, funts burujabe hau bi helburutarako erabiliko dute Hernani Burujaberen baitako eragileek: batetik, itzulketarik gabeko donaziotarako eta, bestetik, maileguak egiteko –interesik gabeko maileguak, altxortegi arazoak dituztenentzat–.

Mitxelenak funts hori elikatzeaz gain, Hernani Burujaberen markoan lan egiten duen Enherkom kooperatibari ere 5.000 euro eman dizkiote kapital ekarpen gisara.

Elkarlan honen inguruan hitz egin du Alaitz Tolosa Mitxelenako Garapen estrategikoa eta Jasangarritasunaren arduradunak; bi urte hauetan egindako ekarpenez eta aurrera begira sortu daitezkeen aukerez.

  • Bigarren urtez bideratu duzue IPDK funtseko diruaren zati bat Hernani Burujabera. Zergatik?

Mitxelena kooperatiban IPDK funtsa ez da soilik barne ongizaterako edo prestakuntzarako tresna; ingurune sozial eta komunitarioan eragin positiboa sortzeko baliabidea ere bada. Barne araudian jasotzen denez, kooperatibaren helburuen artean daude gizartearekiko konpromisoa, tokiko garapena eta balio kooperatiboen sustapena, eta IPDK funtsa horiek gauzatzeko tresna gisa ulertzen dugu.

Hernani Burujabek tokiko eragileekin batera eredu ekonomiko alternatiboak, burujabetza eta komunitatearen ahalduntzea lantzen ditu. Horregatik, bigarren urtez ere funtsaren zati bat bertara bideratzea koherentea da Mitxelenak bere jardunarekin defendatzen duen ikuspegi sozial eta kooperatiboarekin: alegia, industria jarduera eta gizarte eraldaketa elkarrekin uztartzea.

  • Hernani Burujabek trantsizio ekosozialerako prozesua izateko helburua du. Nola lerrokatzen da Mitxelena kooperatiba helburu horrekiko?

Iraunkortasuna kooperatibaren ardatz estrategikoetako bat da, eta hori hiru zutabetan oinarritzen dugu: eraginkortasun teknikoa, ingurumenarekiko konpromisoa eta gizartearen garapena.

Praktikan, honakoa esan nahi du: ekonomia zirkularra lan egiteko modu gisa ulertzen dugula (piezen bizi-zikloa luzatzea, konponketa eta berrerabilpena sustatzea). Karbono-aztarnaren kalkulua eta murrizketa helburu ditugula, deskarbonizaziorantz. Eta azkenik, Kooperatiba izanik, tokiko harremanak eta komunitate-ekimenak indartzea funtsezkoa ikusten dugula.

Gure ustez, Hernani Burujaberen trantsizio ekosozialaren ikuspegia guztiz bat dator Mitxelenak bere jardunean defendatzen duen industria arduratsu eta lurraldean errotutako ereduarekin.

  • Zertarako bidea irekitzen du harreman honek? Elkarlan handiagorako aukera eman dezake?

IPDK funtsaren bidezko babesa ez da ekarpen ekonomiko hutsa: elkarrenganako konfiantza eta harreman iraunkorra eraikitzeko abiapuntua da. Harreman honek hainbat bide irekitzen ditu: ezagutza eta esperientzien trukea, industria eta komunitate ikuspegiak gurutzatzeari esker.

Trantsizio ekosozialaren inguruko lankidetza berrietarako, eta etorkizunean, elkarlan sakonago baterako prest gaude Mitxelenan; balio kooperatiboak eta Hernani Burujaberen ikuspegi eraldatzailea uztartzea ederra izango litzateke. Agian, Hernani Burujabe barruan gu bezalako kooperatiba gehiago elkartuko bagina, lan-ildo industriala sor genezake.