Hezkuntza komunitatearen babesarekin, Legebiltzarrean aurkeztu dute jangela eredu berria

Elikadura

Hernaniko hezkuntza komunitatearen ordezkaritza batek, herriko ikastetxe guztien eta familien izenean, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean aurkeztu du gaur Jangela Eredu Berria proposamena, haren babesa lortzeko helburuarekin. Proposamen hau Hernanin egikaritu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzaren onespena behar da, baina Hezkuntza Sailaren erantzunik ez dugu jaso, duela ia urtebete igaro delarik bilera eskaera luzatu genionetik Begoña Pedrosa sailburuari.

Jangela eredu berria proposamenaren helburu nagusia elikadura jasangarri eta iraunkorra ardatz izango dituen eredua sortzea da, haurrak erdigunean jarriz eta betiere eskualdeko lehen sektorea bultzatzeko asmoz. Eredu berri honen gakoa hurbiltasunean datza, ikastetxeetan bertan sukaldatzeko aukera emanez, edo inbertsioa haundiegia balitz, herriko ikastetxe guztientzat sukalde zentralizatu bat sortuz Hernanin. Eredu berri honek jangela zerbitzuaren eskuduntza partekatzea eskatzen du, Jaurlaritza eta Hernaniko Udaletxearen artean.

Proposamenaren lanketa oso intentsoa izan da, eta dozenaka guraso, irakasle eta teknikarik parte hartu dute. 2023 urtean hasi zen lanketa hori eta bi urtez luzatu zen, prozesu aberats, zabal eta kontsentsuatu baten bidez 2025 urtean herriko ikastetxe guztiek eta udaletxean ordezkaritza duten alderki politiko guztiek onartu zuten arte. 

2025ko uztailean, eta berriz ere urrian, Begoña Pedrosa Hezkuntza Sailburuari gutun bidez bilera eskaera luzatu zioten, eredu berri hau herrian gauzatzeko ezinbestekoa baita Jaurlaritzaren onespen eta babesa. Ez dute, aitzitik, Jaurlaritzaren aldetik erantzunik jaso, eta hori dela eta, Legebiltzarraren babes joan dira astelehenean Gazteizera.

Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren onespena ezinbestekoa da proposamen hau egikaritu ahal izateko, beharrezkoa baita Hernaniko Udalak jangela zerbitzuaren kudeaketaren eskuduntza partziala eskuratzea. Familiek jasotzen dituzten jangela bekak eta egungo begiraleen kudeaketa orain arte bezala jarraituko lukete eredu honetan, hau da, Jaurlaritzaren ardurapean.

Hernaniko hezkuntza komunitateak planteatutako eredu hau ez da aitzindaria, Euskal Herriko beste herrietan jangela eredu berritzaileak pilotatu eta gauzatu dira jada azken urteetan. Prentsaren bidez jakin izan dugu apirilaren 29ko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak onartu zuela Euskadiko ikastetxeetan 30 sukalde berri gehitzea egungo sarera, datorren ikasturtean ia 200 sukaldetara iritsiz Erkidegoan; baita zonaldeko 10 sukalde sortzea ere.

Ez dakite Hernaniko ikastetxeen proposamena egitasmo honen barruan sartuta dagoen ala ez; ezezkoan daude, herriko ikastetxeekin ez baita azken urte eta hilabeteetan Hezkuntzako arduradunik harremanetan jarri jangela eredu berri bat gauzatzeko. Ez dago argi zein irizpide erabili diren ere ikastetxe eta herri-eskualdeak hautatzeko orduan, ez baita egon deialdi ireki bat Hezkuntza Sailaren aldetik. 

Hezkuntza komunitatearen parte hartze eta lan haundiaren ondorioz sortutako proposamen hau aintzat hartzea eskatu diote Legebiltzarrari, eta prentsa ohar honen bidez Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari ere hala egitea eskatzen diote. 

Hernaniko ikastetxeetan 2.500 ikasletik gora daude matrikulatuak, eta horietatik bi heren (1.600 ikasle inguruk) jangela zerbitzua erabiltzen dute, 500 ikasle inguruk jangela beka dutelarik: “Familia asko gara, eta gure ahotsa entzuna izan dadin eskatzen dugu. Jangela eredu berria ko-sortu nahi dugu Jaurlaritzarekin elkarlanean, eta Legebiltzarraren babesarekin. Horretarako, lehen pausoa elkarrekin biltzea da. Gaur pozik atera gara Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean proposamenak jaso duen babesarekin. Jaurlaritzari gonbita luzatzen diogu datozen egunetan bilera bat egiteko”.