Skip to main content

Albisteak

Karkaba topagunea aurkeztu dute Hernaniko hainbat eragilek

Orokorra

Gaur egun jendarte bezala ditugun erronkei aurre egiteko, harremanak eraikitzea eta elkarlana ezinbestekoak dira. Helburu horrekin eta Hernaniko ehun komunitarioa indartzeko asmotan, hainbat eragilek elkarren artean saretzeko proiektua abiatu dute Karkaban. Herria eta tokiko eragileak elkartzen ditu, elkarrekin ikasteko, ideiak partekatzeko eta proiektu berriak sortzeko.

Hori da Karkaba Topagunea sortzearen arrazoia. Ez da lokal huts bat izango, Hernanin trantsizio ekosoziala bultzatzeko azpiegitura komunitarioa baizik.

Karkaban parte hartzen duten eragileen aniztasunak, Hernanin esperientzia eta elkarlanerako gaitasuna badagoela erakusten du. Lankidetza hori sendotzeko ordea, egitura iraunkorrak behar dituztela pentsatzen dute. Karkabak harremanak indartu, herritarren parte-hartzea sustatu eta erabakiak modu partekatuan hartzeko aukerak sortuko dituela deritzote.

Horrela, Karkaba Topagunea prozesuan elkartu diren eragileek lan ildo ezberdinetan egiten dute azpimarra, besteak beste, herri-aliantzak, kudeaketa partekatua, herritarrak ahalduntzea, komunikazioa eta elkarrekin ikastea.


Lan-ildo horien bidez, herriko eragileen arteko loturak sendotu, herritarren ekimenei bidea ireki eta elkarrekin ikasitakoa praktikara eramatea bilatzen dute. Helburua beraz ez dute jarduera gehiago egitea, elkarlanean ideia horiek benetako ekimen bihurtzea baizik.
Etorkizun bidezkoago eta jasangarriago bat eraikitzea guztion ardura dela eta, horretarako abiapuntu bat badutela diote: elkarrekin jarduteko gogoa. Karkaba Topagunea proiektuaren inguruan bildu diren eragileak Hernaniren etorkizuna ez dutela bakarrik eraikiko esaten dute, elkarrekin eraikiko dutela.

Azken hilabeteetan proiektuaren barne lanketa murgilduta ibili dira eragileak, bakoitzaren beharrak aztertzeko eta proiektuari forma emateko. Egoitza txukuntzeko lanak ere hartu dituzte udan zehar. Oraingoz, eragile hauek batu dira: Hernani Burujabeko Bidea herritar taldea, Enherkom, Ekhilur, Sagarreta, Herrilur, Henase, EHkom, Jangela Etzi, Gernika Palestina, Ernai, Kanika Aisialdi Taldea, LAB, Etxegura, Harrotzen Gazte Feministak, Amher, Sare, Guk Geok, Burrunba gazte euskaltzaleen taldea, AEK, And Taxawu senegaldarren elkartea eta beste hainbat.