Burujabetzak lurreratzeko eta proiektuak eskalatzeko beharretik

Orokorra

Arlo ezberdinetan burujabetzak nola lurreratu eta tokiko proiektuak nola Euskal Herriratu lantzeko eguna izan da gaur Hernanin BURUJABETZAK jardunaldietako bigarren egunean.

Lau arlo landu dira gaur: lana, elikadura, hezkuntza eta zaintza. Horretarako, lau eragileren hitzartzea egin da Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan.

Lanaren inguruan Miren Lanzek hartu du hitza eta bere esperientziatik hitz egin du, ekonomia sozial eraldatzailearen baitan izan duen ibilbideaz. “Gure militantzia profesionalizatzea beharretatik etorri zen. Egiten duguna gure ogibide bihurtzen dugu ala ezin dugu jarraitu militantziarekin”, azaldu du gaur egun kide den Parean elkartearen sorreraren arrazoi gisa.

Ondoren, elikaduraren gaiari sarrera eman dio Iker Elosegik, Euskal Herriko Laborantza Ganbarako koordinatzaileak. Adierazi du askotan “ahaztu egiten dugula jaten duguna norbaitek egiten duela”, eta gaur egungo talka nagusia bi eredu kontrajarrien artekoa dela, laborantza herrikoi edo iraunkorraren eta laborantza produktibista edo industrialaren artekoa. “Laborantza produktibista eta herrikoia ezin daitezke aldi berean bizi. Produktibistak herrikoia suntitzen du. Diskurtsoan baietz esaten diguten arren, ezinzekoa da”.

Nora Salbotxek, berriz, hezkuntzaren gaia jorratu eta nabarmendu du ez dela hezkuntza eragileen ardura soilik, herritar guztiok garela erantzule: “Ezin dugu dena hezkuntzaren menpe utzi. Denoi dagokigu konpromiso politiko hori hartzea Euskal Herria herri hezitzaile baten bidean jartzeko”. Gaineratu du euskal hezkuntza sistema publiko, komunitario, euskaldun eta feminista bat sortzeko “kontsigna horiek edukiz bete” behar direla eta “burujabetza txikiak bulkatuz” lortuko dela burujabetza oso batera iristea.

Lehenengo saioa ixteko, zaintzaz aritu da Emagin elkarteko Miren Aranguren. Aipatu du zaintza betidanik guztiok gutxietsi dugun arlo bat izan dela eta oraindik oso gutxiri interesatzen zaien gai bat dela. “Ikusten dugu zein herri gutxitan eta jende gutxiren artean ari den hauspotzen. Gauza asko esaten ditugu baina kostatzen ari zaigu erdigunean jartzea”. Zaintza sistema publiko komunitario bat eraikitzeko bidean, hainbat indargune aipatu ditu. “Eragileen arteko saretzea, koordinazioa eta harremana ezinbestekoa da. Lehenengoa, udal barnekoa. Zaintzak ezin du Berdintasun edo Gizarte sailen esku gelditu. Gaur egungo udal egiturak nekez iristen dira guk ditugun beharretara”.

Hitzartzeen ondoren, parte-hartzaile guztiak arloka lau taldetan multzokatu dira, helburu garbi batekin: tokiko proiektu horiek Euskal Herri mailara nola eraman irudikatzea. Gai bakoitzaren jasoketa egin da eta datozen hilabeteetan Udalbiltzaren bitartez horiek nola zabaldu lantzea izango da erronka.

Arratsaldean, Herrigintzatik burujabetzara hitzaldia egingo da. Bertan Aiaraldea Ekintzen Faktoria (Laudio), Ehundu (Bergara), Euskal Herria Burujabe (Baiona) eta Bidea (Hernani) esperientziak ezagutzeko aukera izango da.

Bihar, larunbata, Burujabetzen Eguna ospatuko da, Hernaniko kaleetan egingo den kalejira kultural batekin eta ondoren, bazkari girotuarekin.