Hernani Burujabe onurak ekartzen hasi zaie herritarrei eguneroko bizitzan

Orokorra

Hernani Burujabe martxan jarri zenetik hiru urtera, lehen emaitzak ematen hasi da, eta hernaniarren eguneroko bizitzan onurak ekartzen: urratsak egin dira elikagai sorreran eta horniduran, energian, zaintzan eta telekomunikazioetan, besteak beste.

Hernani Burujabe herri proiektu bat da, herriko ehun ekonomiko, sozial eta administratiboa barnebiltzen dituen trantsizio ekosozialerako alternatiba praktiko bat. Bertan elkarlanean ari dira Udala, eragile sozioekonomikoak eta herritarrak.

Hernani Burujabeko Burujabetzen Kontseiluak onartu berri du 2023ko memoria, eta justizia sozialaren eta parekidetasunaren bidez pertsonak erdigunean jarri nahi dituen alternatiba burujabeak iaz egindako ahalegina utzi du agerian. Hauek dira memoriaren puntu nagusiak, sektoreka:

Elikadura
2023ak Herrilur dendaren kontsolidazioa ekarri du. 142 bazkide dira jadanik, eta eskaintzen duen produktuen aukera gero eta handiagoa da. Elikagai horien horniduraz HENASE nekazari eta abeltzainen sustapenerako elkartea arduratzen da.

Urte oparoa izan da elikadura sektore burujabearentzat, besteak beste, nekazari eskolaren lehen edizioa izan delako. Bazterketa egoeran dauden pertsonei formakuntza eskaini zaie. 29 pertsonak egin dute formakuntzaren atalen bat, eta horietatik seik bukatu egin dute. Haietako lauk aurrez zehaztutako helburuak osorik bete dituzte, eta beste bik, partzialki. Bost ikaslek ordaindutako praktikak egin dituzte HENASEren etxaldeetan, eta batek lana lortu du geroztik. Beste bat Karabelekon hasi da lanean. Gainerakoek jarraitzen dute nekazaritzan eta abeltzaintzan profesionalki murgildu ahal izateko formakuntza garatzen.

Bestalde, irailean martxan jarri zen Hernaniko Sukalde Zentrala. Bertara eramaten dira HENASEko tokiko produktuak eta han eraldatzen dira. Besteak beste, Bertako tuper zerbitzua eskaintzen hasi da sukalde zentrala. Bertan, gizarte bazterketa egoeran edo arriskuan diren pertsonak laneratzen hasi dira. Guztira, sei pertsona ari dira lanean sukalde zentrala kudeatzen duen Bertatik enpresan. Banaketa zerbitzua ere abian da, eta hor ere langile bat hasi da. Furgoneta isotermiko bat ere erosi dute, elikagai zerbitzu horretan baliatzeko.

Energia
Enherkom Hernaniko Energia Komunitatearentzat oso garrantzitsua izan da 2023a. Kooperatiba sortu eta urtebetera bi langile kontratatu ditu, eta bidean jarri ditu autokontsumo kolektiboko lehen ekoizpen zentroak. Haietako batek, Zubipen plaka fotovoltaikoak ezarri dituenak, laster emango ditu bere emaitzak, eta 87 onuradun hasiko dira energia bertatik jasotzen. Hasi dira ere aurten hainbat udal eraikinetan instalazio fotovoltaiko partekatu bat ezartzeko tramiteak. Bi enpresetan autokontsumorako instalazioak bideratzen hasi da Enherkom, eta beste bederatzi enpresetarako horren bideragarritasun azterketak egingo ditu.

Halaber, energia bulegoa eta aholkularitza zerbitzuak eskaintzen hasi da Hernani Burujabe. Zerbitzu hori herritarrei, merkatariei eta enpresei eskaintzen zaie. Bulegoak 444 herritarren kontsulta jaso du 2023an. Horrez gain, enpresei euren karbono aztarna neurtzeko eta eraginkortasun energetikoa hobetzeko zerbitzu bat eskaintzeko oinarria jarri du.

Bestalde, Hernaniko Udaleko Gizarte Zerbitzuarekin elkarlanean, pobrezia energetikoa saihesteko balioko duen proiektu bat diseinatzen hasi da.

Zaintza
Bi adarretan ari da lan egiten Hernani Burujaberen zaintzaren mahaia. Batetik, auzo-zaintza zerbitzua indartzeko eta zabaltzeko balio izan du 2023ak. 2022an jarri zen martxan zerbitzua, adinekoen bizi kalitatea hobetzeko asmoz. Geroztik, bakarrik bizi diren 80 urtetik gorako 237 pertsonarekin jarri dira harremanetan auzo-zaintza zerbitzuko beharginak. 17 banakako proiektu sozio-hezitzaile daude martxan, eta, horrez gain, familiaz harago sozializatzeko sei topagune eratu dira. Haietan 53 pertsonak parte hartzen dute. Adinekoek komunitatean parte hartze aktiboa izan dezaten errazteko ekintzak egin dituzte.

Auzo-zaintza zerbitzua ez ezik, zaintza talde herritarra martxan du Hernani Burujabek. Gogoeta talde bat izatetik, ekintzak egitera egin du salto talde horrek, eta, besteak beste, Zaintza Eguna antolatu zuen iaz.

Telekomunikazioak
Euskal Herriko telekomunikazioetako operadore publiko-komunitario baten eskutik (EHKOM) azpiegiturak hedatzeko lanean ari da Hernani Burujabe, udalarekin elkarlanean, telekomunikazio burujabetzearen bidean. Lau erabiltzaile izatetik, 19 izatera igaro da iaz: bost zuntz optikoarekin ari dira, eta 14 irrati loturaren bidez. Azpiegiturak hedatzeko lan horretan, Martindegi auzoan zuntz optiko sare txikia hedatu dute, eta Santa Barbarako antena baliatuz, Internet seinalea eraman dute landa eremura, hala nola, Jauregi bailara, Antziolara eta Martindegira.

Horrekin batera, lan talde horrek Hernaniko Alde Zaharrean zuntz optiko sarea hedatzeko proiektua gauzatzen hasi da. Horrekin, alde zaharreko etxebizitzen eta komertzioen erdiak estaltzea lortzea espero dute.

Ekhi moneta
Ekhi moneta da Hernani Burujaberen ikurretako bat. Eta 2023. urteak Ekhilurren erabilera zabaltzeko balio izan du. Hobari sistema arrakastatsu baten bidez, 175.000 euro erabiliz, 1,85 milioi euroko salmenta bolumena lortu du, eta 115 saltoki eta 1.200 erabiltzaileren sare bat osatzea. Herriko elkarteak ere sistemara hurbiltzen hasi dira, eta iaz 2.500 euro banatu dira zortzi elkarteren artean. Merkatariek eta erabiltzaileek ere gero eta konfiantza handiagoa dute Ekhilurren. Azaroan egindako inkesta baten emaitzen arabera, merkatariek eta erabiltzaileek 9,06ko nota jarri diote sistemari.

Biodibertsitatea
Hernaniko Udala eta Sagarreta elkartea elkarlanean bidea egiten ari dira udalerriko biodibertsitatea zaintzeko eta handitzeko. Besteak beste, udalak 69 lur hektarea inguru erosi ditu baso lurrak publifikatzeko helburuari eusteko, zatirik handiena Katamotzarrin (61 hektarea). Lur publiko horietan bertako basoen proiekturako hazitegi-mintegia martxan jarri dute. Burujabetzen Etxean dago mintegia martxan: 3.000 hazi inguru erein dira, inguruko basoetatik ekarrita. Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztiek parte hartuko dute proiektu horretan, eta mintegian lanean arituko dira goiz batez.

Talde horrek Urumea garbitzeko auzolan bat aurrera eraman du, eta 369 kilo zabor kendu ditu ibaitik. Heldu den urtean Urumeako gainerako herrietara zabaldu nahi dute garbiketa proiektua.