Batzar orokorra
Martxoaren 13an, ostirala, izango da aurtengo Hernani Burujaberen batzar orokorra. Bi helburu nagusi izango ditu: batetik, pasa den urteak emandako emaitzen errepasoa egitea eta, bestetik, herritarren ekarpenak jasotzea hemendik aurrerako plangintzarako.
Otsailean plazaratu genituen Hernani Burujabeko sektore ekonomikoetatik 2025ean lortu diren emaitzak. Aurrerapauso nabarmenak eman dituzte trantsizio ekosozialerako markatutako helburuei dagokienez. Adibidez, elikadura, energia eta moneta sistemek soilik 2025ean 466 tona CO₂ baino gehiagoko murrizketa eragin dutela neurtu dugu. Baina trantsizioa ez da soilik ingurumen-datu bat, eta beste hainbat adierazle sozial ere azalduko ditugu batzarrean.
Bilkuraren bigarren zatian, hemendik aurrerako plangintzan jarriko dugu arreta. 200 herritar baino gehiagok jada egin dituzte beren ekarpenak galdetegi baten bitartez; beraz, horiek ezagutuko ditugu eta berriz ere irekiko dugu parte hartzeko tartea. Diagnostiko hori izango da, gerora, eragile ekonomikoek landu eta baloratuko dutena. Batzarraren ostean luntxa egongo da.
