Auzozaintza

Auzozaintza, bakardade egoeran diren adineko pertsonei zuzendutako akonpainamendu programa da. Adineko pertsonak, zainduta egoteaz gain, bizitza modu autonomoan egitea bilatzen du sare horrek, bizi diren komunitatean lotura gal ez dezaten laguntzeko. Elkarbizitza, zahartzaro aktiboa eta birgizarteratzea sustatzen ditu programa horrek, pertsona horien harreman afektiboei zein harreman sareei arreta berezia jarriz. Halaber, egoera zaurgarrian dauden zaintzaileen lan baldintzak duintzeko helburuz, adineko pertsonen bidelagun izateko hitzarmena sinatu da Maitelan zaintza kooperatibarekin, laneratzeko eta euskalduntzeko formakuntzak eskainiz lanaldiaren barruan.

2022an jarri zen martxan zerbitzua. Geroztik, bakarrik bizi diren 80 urtetik gorako 237 pertsonarekin jarri dira harremanetan auzo-zaintza zerbitzuko beharginak. 17 banakako proiektu sozio-hezitzaile daude martxan, eta, horrez gain, familiaz harago sozializatzeko sei topagune eratu dira. Haietan 53 pertsonak parte hartzen dute. Adinekoek komunitatean parte hartze aktiboa izan dezaten errazteko ekintzak egin dituzte.