Hernani Burujabe herri proiektu bat da, herriko ehun ekonomiko, sozial eta administratiboa barnebiltzen dituen trantsizio ekosozialerako alternatiba praktiko bat.

Egungo eredu ekonomiko xahutzaile, ekologikoki jasanezin eta ezberdintasun sortzailearen aurrean, alternatiba bizigarri, iraunkor eta parekide bat martxan jarri nahi du Hernani Burujabek, justizia sozial eta ekologikoa eta planifikazio eredu publiko-ekonomiko-komunitarioa ardatz hartuta.

Hernanin martxan den egitasmoa tokiko garapen burujabean oinarritzen da. Esan nahi baita, estrategikotzat jotzen diren esparru guztiei ahalak eman nahi dizkie bertan antolatzeko, sustapen publikoaren bidez, planifikazio komunitarioan eta kudeaketa kooperatiboan oinarrituta garatu daitezen.

Zein sektorek parte hartzen dute?

Ikusten denez, beraz, hiru agente multzoren elkar-ekintzaren bidez egin nahi du aurrera Hernani Burujabek: herritarrak, udala eta eragile ekonomikoak. Triangelu gisa irudika daiteke, beraz, Hernani Burujaberen egitura. Erpin batean herritarrak daude, elkarte edo eragileak. Haiek dira objektu eta subjektu, komunitatea baita proposamenaren erdigunea. Lurralde garapena herritarren beharrek zehaztuko dute, demokratikoak izango diren erabaki esparruen bidez. Beste erpin batean udala dago. Sektore publikoak lagundu behar du eremu estrategikoen bitartekoen jabetza herritarrei itzultzen, herritar guztiek izan dezaten oinarrizko beharrak asetzeko modua. Udalak sektore bakoitzerako helburuak identifikatu eta betetzeko behar diren baliabideak zehaztu behar ditu, eta, bere esku badago, eta ahal den neurrian, baliabide horiek sektore bakoitzeko eragileen esku jarri. Azkenik, erpin ekonomikoa dago, kasu horretan, tokiko garapenarekin konprometituta dagoen ehun sozio-ekonomikoa. Haren zeregin nagusia da herritarren beharrak asetzeko baliabideak sortzea, herritarrek egindako plangintza demokratikoari erantzunez. Zenbait kasutan, eragile ekonomiko berriak sortu dira, herri kooperatibak, gehiengoaren behar sozialak modu demokratikoan ase ahal izateko.

Planifikazio modu berri bat

Herriari burujabetza tresnak itzultzeko bide honek beste planifikazio modu bat eskatzen du, eta horretan eragile bakoitzak bere papera jokatzen du.

Sektore bakoitzak burujabetza mahai bana eratu du, eta haietan erpin publikoaren, ekonomikoaren eta herritarren arteko lankidetza bideratzen da. Mahai horretan diseinatzen dira sektore bakoitzeko proiektuak eta kudeatzen baliabideak.

Hernani Burujaberen erabakigune nagusia burujabetzen kontseilua da, eta bertan tokiko garapenerako plangintza orokorra eztabaidatu eta adosten da, eta hura aurrera eramateko bidea zein den zehazten. Planifikazioaren organo nagusia da eta han ezartzen dira lehentasunak, banatu aurrekontua eta bateratu arloetako estrategiak.

Zein sektoretan dago martxan burujabetza prozesua eta sortuta burujabetza mahaiak?

Oraingoz zortzi sektore hauetan dago martxan tokiko garapen burujabea Hernanin: energia, elikadura, zaintza, moneta, telekomunikazioak, bioaniztasuna-basogintza, lana eta etxebizitza.

NOLA PARTE HARTU

Hernani Burujabek pertsonak, komunitateak eta herriak beraien buruaren jabe izatea eta eraldaketa sozial eta ekonomikoaren protagonista bihurtzea du helburu. Gu geu gara objektu eta subjektu, komunitatea baita proposamenaren erdigunea. Horretarako, ezinbestekoa da Hernaniko biztanleak garapen ekonomikorako politiken objektu izatetik eraldaketa prozesu horren subjektu izatera pasatzea.

Ez egin dudarik, eman pausua eraldaketara eta hartu parte Hernani Burujabe herri proiektuan!