2024a izan da Burujabetzen Kontseiluaren lehen urtea; hau da, Hernani Burujaberen inguruko erabaki estrategikoak hartuko dituen markoarena.
Erabaki horiek herritarren beharretan oinarrituak egon behar dira; hori dela eta, behar horiek identifikatzeko, eta bide batez, Hernani Burujabe proiektua herriko auzoetan gehiago zabaltzeko xedearekin planifikatu dira auzo batzar horiek. Ezinbestekotzat jotzen zen batzar horiek ahalik eta gehien zabaltzea; izan ere, herriko beharrak auzokoetatik hasten dira. Batzarretan jasotako proposamen eta beharrak hurrengo Burujabetzen Kontseiluan aztertuko dira, ekainaren 14an.
Denera, zazpi auzo batzar egin dira, eta horietan 91 herritarrek hartu dute parte.
Batzar horiek harrera ona izan dute auzotarren artean, eta herritarren beharrei tokian-tokian erantzutea eta burujabetza ikuspegitik aurre egiteko beharra argi geratu dira. Bestalde, hainbat behar atzeman ahal izan dira; hori bai, auzoaren arabera, eta horien errealitatearen eta premien arabera, ateratako ondorioak ezberdinak izan dira.
Esaterako, auzo batzuetan ikusi da ezinbestekoa dela komunitatearen izaera indartuko duen auzo denda bat egotea; era berean, bertako produktuak kontsumitu ahal izateko tresna moduan ere ikusi da.
Etxebizitzaren gaia ere kezka izan da auzoetako batzar gehienetan.
Mahai gainean jarri den beste gai mamitsuetako bat trantsizio energetikoarena izan da; han-hemenka egon da bizilagunen ahotan plaka fotovoltaikoak jartzeko aukera.
Bilerak oro har emankorrak izan dira eta Hernani Burujaberen inguruan lanean dabiltzan sektore estrategikoentzako bideorri izango dira, epe luze, ertain zein motzerako. Erronkak ez dira makalak, eta herritarrek emandako hamaika proposamenek norabidea xedatzeko balioko dute.
Hori bada, milesker parte hartu duzuen guztioi!